Abdul Magid Omaro: 'Heriotzarengandik ihes egitea da errefuxiatua izatea'

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 22a, 12:07
Argazkia: Hitza.eus

Azkoitiko medikua izan da urte askoan Omaro. Jaioterriko gatazkaz hitz egin dio HITZAri, eta argi azaldu du erregimenaren aurkakoa dela; "elkarrizketa" da guda bukatzeko bide bakarra harentzat.

Euskal Herria da Abdul Magid Omaroren (Hamame, Siria, 1944) “bigarren herria”. Azkoitian bizi izan da urteetan, eta bertako medikua izan da. “Etxean bezala” hartu izan dutela dio. Gaur egun, Zarautzen bizi da. Ordea, familia, oroitzapenak eta sentimenduak Sirian ditu. Sorterriko gatazkaz eta egoeraz hitz egin dio egunkari honi.

Noiz erabaki zenuen Siria uztea, eta zergatik?

Medikua naiz, eta medikuntza ikasteko utzi nuen nire herrialdea. Aitak bi aukera eman zizkidan: medikua edo militarra izatea. Madrilen (Espainia), Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Zaragozan (Espainia) ikasi nuen, eta Zaragozako emakume batekin maitemindu nintzen. Zaragozatik Euskal Herrira etorri ginen, 1974an; Donostiara lehendabizi, eta lanean jardun nuen ospitalean eta Poliklinikan. Ondoren, Azkoitian eman zidaten postua, anbulatorioan, eta han egin dut bizitza. Orain, Zarautzen nago, eta kontsulta pribatua dut Azpeitian.

Hizkuntzarekin zer moduz moldatu zinen?

Ez nekien hitz bat bera ere gaztelaniaz, ingelesez bakarrik hitz egiten nuen. Azkoitira joatekoa nintzela esan zidaten: Aizu, badakizu nora zoazen? Euskaraz jakin gabe hara joan behar duzu?. Gaizki pasatuko nuela esan zidaten, baina ni oso onartua sentitu naiz beti Euskal Herrian. Zertxobait ikasi dugu euskaraz, eta seme-alabak eta bilobak beraien artean euskaraz mintzatzen dira.

Familiarik ba al duzu Sirian?

Bai, han bizi dira bi arreba eta senitarteko gehiago. Hala ere, urte asko daramatzat hemen, eta arrebekin soilik mantentzen dut kontaktua.

Erraza al da Euskal Herritik zure arrebekin harremanetan jartzea?

Behintzat, badakit ondo daudela. Arreba bat Damaskon bizi da, eta gerrak ez du zipriztindu gune hori, Siria osoa ez baitago gudan. Beste arreba bat gure jaioterrian dago, Hamamen, eta harekin ezin dut harremanetan jarri. Ez dago telefonorik eta argindarrik, leku horrek pairatu egin ditu gatazkaren ondorioak. Badakit orain ondo dagoela, baina ezin dut berarekin nahi dudanean hitz egin.

Siria uztea pentsatu al dute zure senideek?

Ez. Hamamen bizi den arrebak ez du etxea utzi; izan ere, toki bat hutsik utziz gero, okupatu egiten dute, eta ezer gabe gelditzen dira. Gainera, beste herri batzuetatik ihes egin duten pertsonak ditu berarekin bizitzen.

Gizarte maila guztietako herritarrek al dituzte baliabideak guztia utzi eta errefuxiatzeko?

Nazioarteko giza eskubidea da errefuxiatzea. Heriotzarengandik ihes egitea da errefuxiatua izatea, eta denek izan behar dute bizirik jarraitzeko aukera. Ezin dut erantzun guztiek ote dituzten baliabideak ihes egiteko, baina heriotza horren gertu ikusten duzunean, ez dago aukerarik, oinez bada ere, ihes egiten duzu. Inori ez zaio gustatzen laguntza eske bizilagunaren atea jotzea, baina hil ala biziko kontua da. Inork ez ditu bere familia, oxigenoa eta herria utzi nahi, baina askorentzat, heriotza da beste aukera bakarra. Une horretan diruak, baliabideek, ez dute batere axola.

Hedabideen eta politikarien ahotik gauza asko entzun dira Siriaz eta gerraz. Nola hasi zen gatazka zure herrialdean?

Siriak 40 urte baino gehiago daramatza askatasunik gabeko herrialde izaten, diktadurapean. Giza eskubideek ez dute existitu Sirian azken urteetan, eta horrek gainezka egin behar zuen egunen batean. Arabiako erreboltak Tunez eta Egiptotik pasatu ziren, besteak beste, eta matxinadak iritsi egin behar zuen Siriara. Hasieran, modu baketsuan irten zen jendea kalera: ikasleak, gazteak. Askatasuna eskatzen zuten haiek. Siriako erregimenak, ordea, polizia jarri zuen lanean, eta jende baketsua atxilotu eta hil zuen. Lehen unetik indarkeria izan zen jaun eta jabe; ez, behintzat, elkarrizketa.

 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Hitza.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide