Imanol Aleson, azken txanpan

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 16a, 19:57
Irudian Aleson, Tour des Geantsen

[Azken ordukoa 09/17, 10:00] Proba bertan behera gelditu da, sekulako behe-lainoa dagoelako eta oso arriskutsua izan daitekeelako. Gainera, iaz, japoniar batek bizia galdu zuen antzeko baldintzetan, eta, ondorioz, lasterketan ez jarraitzea erabaki dute. Horrenbestez, Imanol Aleson hamaseigarren postuan gelditu da, Patrick Bohard frantziar lasterkariak irabazi du. Antolatzaileek adierazi dute inoizko ediziorik gogorrena izan dela.

Igande goizean ekin zion Imanol Alesonek Tor des Geants (330 km-24000m) probari, eta ordutik, Aostako bailaran (Italia) dabil mendi lasterkari azkoitiarra. Dagoeneko, 49 kilometro geratzen zaizkio bi besoak altxatzeko. Proba hasi zenetik lehen hogeiren artean dabil.

 

Munduko mendi lasterkari onenekin batera ari da lehiatzen azkoitiarra. Oso baldintza gogorretan dabiltza; hotza, euria, behe-lainoa eta elurra ia egunero dituzte mendi gailurretan.

Irailaren 13tik 20ra bitartean iraungo du lasterketak. Baina Aleson, ondo-bidean, lehenago iritsiko da. Hala ere, lurra oso irristakorra dagoela eta, tentuz jarraituko du erorketarik ez izateko eta proba amaitu ahal izateko. Azkoititik hiru lagun, bere anaia eta bi lagun joan dira Alesoni laguntzera eta animoak ematera. Dagoeneko, 80 ordu baino gehiago egin ditu korrikan. 

 

 

 

Zero gradu azpitik izan dituzte momentu askotan. Hipotermia sentsazioekin ere egon izan da azkoitiarra, baina pixka bat errekuperatu orduko ekiten zion berriro probari. Gainera, lo ezin dute egin bi ordu baino gehiago jarraian, arauak hala eskatzen duelako. Esaterako, Aleson, igande goizetik, bost ordu eta erdi lo eginda dabil. Hanka ubela ere izan du eta gaur izterrondoko minez dabil. Ordea, ez du aurrera ez jarraitzeko aitzakiarik, momentuz. Sufritzeko jaiotakoa da gizona; 31 orduz korrika jarraian egin izan ditu eta gauez ilunpetan sei orduz korrikan ibili ere bai.

Korrikalari batzuk amore ematen ari dira, esaterako, hirugarren zihoana eta zortzigarren zihoana, baina Imanolek hor jarraitzen du tinko, oraingoz, hamaseigarrena. Animoz eta indarrez ondo dagoela adierazi diote Maxixatzeni bere gertukoenek, baina hori bai, bukatzeko gogoarekin. 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide