Siriar errefuxiatuei laguntzeko prest agertu da herritar talde bat

Maxixatzen.eus 2015ko ira. 3a, 17:36
Aylan, 3 urteko haurra, hilik Turkiako Bodrum hondartzan. Dogan / EFE

Azkoitiko talde batek Europara datozen siriar errefuxatuei babesa emateko elkarretaratzea egingo du bihar Eliz atarian, 19:00etan. Taldeak kontzentraziora joateko deia egin die azkoitiarrei. Bertan, herritar gisa egin dezaketenaz hitz egingo dute, eta beste udalerri batzuekin lankidetzan aritzeko proposamena landuko dute, besteak beste.

 

Hona hemen, Azkoitiko taldeak Maxixatzeni bidalitako mezua:


ERREFUXIATUAK ONGI ETORRI / REFUGEES WELCOME 

Bigarren mundu gudaz geroztik Europak bizi duen errefuxiatu krisirik gogorrenaren aurrean gaude. Egun hauetan irudi latzak ikusten ari gara, beraien etxea utzi eta gerratik ihesi Europara datozen pertsonak jasotzen ari diren tratu humillagarria kasu.

Europar batasuneko agintarien geldotasunaren eta pasibotasunaren ondorioz milaka pertsona noraezean daude, eta horrelakoetan beti gertatu den bezala, herria mugitzen hasi da. Egoera salatu, konponbideak exijitu eta urjentziazko laguntza humanitarioa artikulatzeko.

Euskal Herriko hainbat  herri errefuxiatuak hartzeko prest agertu dira. Guk, Azkoitiko herritar talde batek, ekimen horretan parte hartu nahi dugu eta bihar ostirala, arratsaldeko 19:00etan egingo dugun konzentrazioan parte hartzera deitzen zaituztegu.

Bertan hitz egingo dugu Azkoitiar bezala egin dezakegunaz.
Azkoitiak errefuxiatuak hartzea eta, horretarako, beste udalerri batzuekin batera lankidetzan aritzea proposatzen dugu.

Horrez gain, Europar Batasunari errefuxiatuen arazoari elkartasunez eta justiziaz erantzuteko eskatuko diegu, eta euskal instituzioei ere esku hartu dezaten eskatuko diegu. 

Hesiak ez dira erantzuna. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide