Zer dira festak musikarik gabe?

Maxixatzen.eus 2015ko abu. 13a, 08:39

Bihar emango zaie hasiera Andramaixei, eta herriko hainbat talde ariko dira bost egunez kaleak alaitzen: Musika Banda, Txalkor txistulari taldea, dultzaineroak eta trikitilariak, besteak beste. Festa giroan, Gasento Oñederra Landa anaiekin izan da herriko txoko batean. Herritar kuxkuxeroentzat hona hemen zuhaitzaren koordenatuak: iparra: 43º 11' 26''; mendebala: 2º 20' 20''

Azkoitiko Musika Banda

Azkoitiko Musika Banda, afizio berdina partekatzen dutenen elkarrekiko konpromisoa dela azaldu digute Yvet Lizarralde eta Oihana Etxanizek: “Musikaz gozatzeko modu bat da”. Duela hamabi eta hamabost urtetik jotzen dute bandan, eta Andramaixek oso data bereziak izaten direla kontatu digute: “Herriko bazterrak alaitzeaz gain beste talde batzuekin elkarlanean aritzen gara eta herritar guztiei gure lana ezagutarazteko aukera izaten dugu”.

Txupinazoarekin batera festei hasiera emateaz arduratzen dira, “Ondo pasau Andramaixek” eta “Azkoitia” abestiak joz. Hauxe da beraientzat festetako unerik ederrena: “Azkoitiar denak gurekin batera abesten hasten diren unea oso hunkigarria izaten da. Festen hasiera da, eta jendea festarako gogoz sumatzen da”.

15ean eta 16an, kontzertuak izaten dituzte eguerdian, eta urtero saiatzen dira kantu berriak jotzen. “Nahiz eta abestiren bat edo beste lehenago jotakoa izan, beti izango dira berriak, beti ezberdin entzun eta joko baitira”, dio Lizarraldek. Festetako azken kontzertua berezia izaten da musikarientzat: “Bandan oporrak hartzen ditugunean, orduan hasten dira gure festak”.

Gustuko tokian aldaparik egoten ez den arren, goizetan esnatzea kostatzen zaiela aitortu digute musikariek. Gauez parranda txikiak egin arren, goizetan bandan jotzeko ardura ezin baitute ahaztu: “Gauez lo gutxi eginda, ezinezkoa da ehuneko ehunean izatea hurrengo goizean, eta zintzo ibiltzen gara”. Gainera, argi dute kontzertu bukaerako txalo zaparradak eta jendearen esker onak merezi duela aurreko eguneko esfortzua.

 

Txalkor txistulari taldea

Andramaixetan kaleak alaitzeko ardura izaten du Txalkor Txistulari taldeak eta Pello Larrañaga taldeko arduradunak Maxixatzeni azaldu dio garaiotan ere txistuak baduela bere lekua. 

1990ean herriko txistulariek txistua utziko zutela adierazi zuten, eta hori jakitean sortu zen Txalkor txistulari taldea. Taldeak argi zuen txistuak jarraipena behar zuela, eta erreleboa hartzea erabaki zuen. Askok garai modernoetan bizi garela eta, tradizionalistatzat jotzen dituztela aitortu arren, oraindik bere publikoa badutela adierazi digute: “Txistuak garai guztietara txertatzen ikasi du; ez da modako gauza bat, baina beti hor dago”, azpimarratu du Larrañagak.

Festetako azken eguna, abuztuak 18, parrandarako aprobetxatzen dute, baina gainerako lau egunetan etenik gabe aritzen dira. Parranda eta lana motxila berean eramaten ikasi daitekeela uste du Larrañagak.

Andramaixek bereziak dira txistularientzat, baina ez da erraza txistua jotzen den lau egunetatik une bat aukeratzea: “Ez nuke momentu bakarra aukeratuko; izan ere, batek udaletxetik Parrokiara udal batzarekin egiten den Salberako bidea du gogokoena; besteak Kontsejupeko kontzertua du kuttunena; eta beste batek Plazako aurreskua egiten den unea. Egun guztiek dute zerbait berezia, hainbat estilotako emanaldiak egiten baitira bakoitzean. Guk ezin imajina dezakegu Andramairik txisturik gabe”, azaldu du Larrañagak.

Lana gustura egiten dutela kontatu digute, gogotsu hasten direla, nahiz eta bukaeran nekea nabari-tzen duten. Horren arrazoi nagusia, jendeak txistularien lana eskertzea dela nabarmendu digute: “Herritar asko dira eskerrak ematera eta egindako lanagatik zoriontzera hurbil-tzen zaizkigunak, nahiz eta gehienak gaztarotik pasatutakoak izan. Horregatik uste dugu merezi duela esfortzua egitea”.

Zenbait abesti urtero Andramaixetan bakarrik jotzen ditu Txalkorrek. Horien artean, Kandido Beristainek egindako Txalkor biribilketa, eta kanta hori Umore Ona elkartetik Herriko plazara aurreskua dantzatzeko egiten den bidean jo-tzen dute. Hala ere, gustukoen dituzten kantuen artean Agur Jaunak eta Goizeko Izarra diana-biribilketa daudela aitortu digute; azken hori abuztuaren 15eko goizeko dianan jotzen dute.

 

Azkoitiko dultzaineroak

Hamasei urte pasa dira Andramaixetan dultzaina jotzen hasi zirenetik, eta oraindik fin konplitzen dute urteroko zita. Andramaixetan bi egunetan hartzen dute parte, 15ean eta 17an, eta biak oso egun bereziak direla azpimarratu digute Jon Larrañaga, Pello Larrañaga eta Aritz Aranbarri dultzaineroek.

Herriko Musika bandarekin eta Txalkor txistulari taldearekin batera Andramari eguneko kontzertua eskaintzen dute dultzaineroek. Hainbeste jenderen aurrean urduri jartzen direla aitortu digute: “Azterketa bat dirudi, ikus-entzuleen begiak zuri so eta belarriak adi daudela ikusita”, azaldu du Jon Larrañagak. Bestalde, herri musikatik hartutako piezen konponketa ba-tzuk ere egin ohi dituzte egun horretarako. Gainera, Andramaixetako unerik hunkigarriena horixe dela nabarmendu dute, urtero beraiek en-tzutera jende asko hurbiltzen delako, eta txalo zaparrada jasotzen dutelako.

Dultzaina baserri eremuetatik datorren musika tresna denez, 17an jotzea oso gustuko dute. Andramari eguneko urduritasuna alde batera utzi, eta baserritarren eguna dul-tzainarekin gozatzeko eguna izaten dute: “Herria zeharkatzean beste era batera entzuten da dultzaina, kaleetan ozenago eta plazetan leunago”.

Dultzaineroen abesti gustukoenak euskal dantzak, Murgak edo pasodobleak dira, besteak beste.

Elkarrekin ezin hobeto moldatzen direla nabarmendu digu hirukoteak: “Hiru izanik oso erraza da taldean giro ona izatea, nahiz eta afari bat egiterako orduan 25 laguneko talde bati baino gehiago kostatzen zaigun eguna jartzea”.

Hirukoteak aitortu du dultzaina jotzen musu-truk luzaroan jarraitzeko asmoa duela: “Guk dultzaina jotzen jarraituko dugu herritarrek gure lana eskertzen jarraitzen duten bitartean”.

 

Azkoitiko trikitilariak

Azken urteotan ohikoa bihurtu da Andramaixetan trikitilariak entzutea. Borondate hutsez aritzen dira, eta ez dute nahi kalejiran aritzeko ohitura galtzerik.

Herriko festa batzordeak abuztuaren 14ko txupinazo aurretik trikitixarekin kalejiran irteteko proposamena egin zien, San Martingo elkartetik hasi eta herriko plazaraino. Aitzakia horrekin hasi baziren ere, herriko kaleak eta tabernak ere alaitzen dituzte egun horretan. “Beti gustatu izan zaigu koadrilan trikitixa eta panderoa hartu eta bazterrak alaitzea. Hala ere, trikitixaz gozatzeko egun nagusia 14a izaten den arren,  instrumentuak kalean astintzeko edozein egun da berezia. Koadrilen eta baserritarren egunean ere trikitixa bizkarrean hartuta ibili izan gara”.

Beraien burua “tradizionaltzat” hartzen dute, urtero pieza berriren bat jo arren, betiko kantak jotzen baitituzte.

Kalean trikitixarekin ibiltzen ohituta dauden arren, musika-tresna pisutsua dela onartu digute: “Apur bat neketsua da trikitixa, kalean gora eta behera ibiltzeko”. Nolanahi ere, ongi ikasia dute deskantsatzeko tabernaz taberna ibiltzea bezalakorik ez dela: “Trago batekin guztia errazago egiten da [barrez]”.

Borondatez aritzen dira eta luzaroan jarraitzeko asmoa dutela azaldu digu Xabier Etxaniz trikitilariak: “Hauspoak oraindik badu nahikoa haize beste urte batzuetarako”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide