Tentsio uneak, Floreagako meskitaren aurkako bilkuran

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 14a, 15:25
Argazkian: Floreagako bizilagunak.

Bilkuran bildutakoek Udalaren jarrera salatu zuten, meskitaren inguruko informazioa ez helarazteagatik bizilagunei. Elkarretaratzean "alde hemendik!" eta "eraiki meskitak zuen lurraldean, hemen ez dugu nahi!" bezalako oihuak entzun ziren.

 

Floreagako bizilagunek bilkura egin zuten atzo arratsaldean auzoan, eskualdeko meskita Floreagan ez dezatela eraiki aldarrikatzeko. Meskita eraikitzeko bi lokalak, orain arte Aldalur autobus enpresarenak ziren, eta musulman talde batek lokalak erosi ditu, legeak ezarritako baldintza guztiak beteta. Enpresa pribatuen arteko salerosketa izan da, beraz.

Auzotarrek diote, besteak beste, meskita eraiki nahi duten inguruan aparkaleku arazoak daudela aspalditik, eta eurek uste dute arazoa areagotuko duela jende bilkurak. Horrez gain, haserre agertu ziren inork ez dietelako jakinarazi, euren auzoan meskita bat eraikiko dutela, eta pasa den astean jakin zutela: "Guri aurrez Udalak galdetu egin behar zigun. Ez dugu nahi erlijioaren gaian sartu, baina ez dugu nahi meskita Floreagan eraikitzea. Baditugu lehenagoko arazoak auzoan". Dagoeneko sinadurak biltzen hasi dira, meskita ez eraikitzeko. Orain, abokatu baten laguntzaz gaia sakonago aztertu eta salaketa jarriko dutela azpimarratu zuten bizilagunek.

Tentsio uneak izan ziren, eta Ertzaintza ere bertan egon zen. Abdeslam Serroukh herritar musulmana eta Floreagako bizilaguna bertan izan zen. Adierazi zuen elkarte bat irekitzeko ez dagoela abisua eman beharrik. "Denok batera bilatu behar diogu irtenbidea, ez batzuk alde batetik eta besteak bestetik. Hori ez da bizikidetzarako bidea. Gainera, ez dut ulertzen Floreagako arazoa bada, zergaitik bertaratu den bilkurara Altzibar auzoan bizi direnak". 

Ohiuak ere entzun zituen Serroukhk bizilagunen ahotik: "Legala izango da, baina ez dugu nahi!; Alde hemendik!; Eraiki meskitak zuen lurraldean, hemen ez dugu nahi!".

Bizilagunek konponbidea eskatu diote Udalari, baina Udalak adierazi du obra proiektua aztertuko duela, baina ez duela gehiago zer azterturik, besteak beste, azken legearen arabera, meskita batek ez duelako jarduera baimenik behar.

Urrategi Alberdik azaldu du Udalaren zeregina obra lizentzia ematea dela: "Udaleko teknikariek aztertzen dute lokala, eta legeak ezarritako dena betetzen duenez, onartu egin behar da". Barruko jarduera martxan hasitakoan, Udalari memoria bat aurkeztu behar diote musulmanek. "Oraingoz, guri dagokigun ardura bakarra, obrak legearen arabera egiten al diren aztertzea da", adierazi zuen Alberdik. Floreagako lokala baino lehen, beste lokal bat erosi nahi zuten musulmanek, baina hark altueraren baldintza betetzen ez zuelako, Udalak ez zioten obra baimena helarazi. Oraingo lokalak, ordea, Udaleko teknikarien arabera legeak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu.

Alberdik adierazi du halako erreakzioak "oso tristeak" direla: "meskita bakean errezatzeko gune bat den bitartean, arazoak sortzeko gunea bilakatu da Azkoitian. Egun, Elkargunean ere batzen dira ospakizun handietan eskualdeko musulmanak, eta "inor ez da kexatu". "Jendearen beldurrek" sortzen dute halako eztabaida. Udalak elkar ezagutzeko bidean "lan gehiago" egin behar du, horrelakoak ez gertatzeko. "Herri heldu batek horri erantzun egin behar dio". 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide