Hondakinen bilketa tasa % 79,1ekoa izan da aurtengo lehen hiruhilekoan

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 6a, 16:45

Azkoitiko udalak hondakinen bilketaren azken datuak eman zituen atzoko prentsaurrekoan. Bilketa sistema aldatu zenetik, gaikako bilketaren datuak gorakada nabarmena izan duela azpimarratu zuen Urrategi Alberdi herriko alkateak. Bataz beste, % 79,1ekoa izan da bilketa tasa aurtengo lehen hiruhilekoan. 

Iazko lehen hiruhilekoan, sistema aldatu aurretik, %40,36 izan zen gaikako bataz besteko bilketa tasa; uztailetik abendura bitartean, aldaketa egin eta gero, % 72,33era igo zen; (abuztuan bertan, sistema aldaketaren ondoren tasa  %76,1ekoa izan  zen); aurtengo lehen hiruhilekoan, bataz besteko bilketa tasa % 79,1ean dago.

"Datuak oso onak dira, aldaketa txiki batekin, emaitza izugarriak lortu ditugu,eta hori herritarrei esker izan da", azpimarratu zuen Alberdik. "Hondakinen kudeaketa gatazka politikotik eremu teknikora eramateko saiakera zintzoa egin dugu urte hauetan udal gobernutik; eta parte hartze prozesu luze baten ondoren, alderdi guztien helburuak adostuta, helburu horiei begirako sistema adosten saiatu gara, eragile eta alderdi guztiekin. Aldaketa hor dago eta emaitzak hor daude".

Behin sistema martxan jarri eta gero, urtarrilean herri galdeketa bat egin zuten. Galdeketaren emaitzak Jarraipen batzordera eraman dituzte talde eragile guztiekin moldaketak adosteko. Orain, sistema moldatzeko edo "malgutzeko" formula teknikoaren aukerak aztertzea proposatu zuten Batzordean, eta horretan ari dira  Mankomunitatearekin batera.

Jarraipen batzordean EAJ, Zero Zabor, Azkoitia Bai eta EH Bildu batu dira. Aldiz, Atez Atekoaren Aurkako plataformak eta PSEk ez dute parte hartu galdeketaren ondoren egindako bi bileretan.

Moldaketek hainbat baldintza bete beharko dituzte:

- Edozein dela ere moldaketa, kontuan hartu beharko ditu Plenoan onartutako helburuak: sailkatze maila %70ekoa izatea ezarritakoan (2014) eta bi urteren epean %80-85era iristea.
- Gaika bildutakoaren kalitatea bermatuko duen eredua izatea.
- Errefusari ateak itxiko dizkion eredua izatea.
- Hondakinak sailkatzea herritar guztion betebeharra da.
- Prebentzio politikak beharrezkoak dira, hau da, egun lortutako emaitzak bermatu behar ditu eta horiek hobetzeko aukera ere eman behar du.

- Herritarrek adierazitakoa kontuan izanik, errefusa jasotzeko bestelako aukerak eman behar ditu.

- Eta azkenik, egun organikoaren edukiontziekin ditugun arazoei ere irtenbidea eman behar die egin beharreko moldaketak.

Azterketa serio eta sakona egiten ari direla adierazi du Alberdik, eta jarraipen batzordean parte hartzen duten guztiek adostuta ari direla bide hori jorratzen.

Bestalde, Plataformaren jarrera salatu nahi izan du Alberdik: "Gezurrak eta irainak erabiltzen dituzte behin eta berriz. Ezin da onartu, sistema mistoaren kontrako kanpaina egin ondoren, emaitzak baloratzeko eta aurrera begirako aldaketak adosteko gonbidapenari ezezko borobila ematea. Plataformak nahiago izan du kanpoan gelditzea, eskuak libre izateko gatazka luzatu nahian. Baina gu ez gara joku horretan sartuko eta herritarrekin eta eragileekin lanean jarraituko dugu; eta horrela adostu dugu egitea Jarraipen batzordean, bertan gauden eragile guztiak sistema hobetzeko eta herritarren iritzia kontuan hartzeko konpromisoa hartu baitugu".

Udal gobernuak helburu horiekin lanean jarraituko duela adierazi dute, "malgutasunez eta denon iritzia kontuan izanda".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide