'Euskaldunak eta etorkin espainiarrak'

Argia.eus 2015ko mai. 6a, 11:58

Gipuzkoako Aldundiak oraindik orain eman die urrezko domina 50eko eta 60ko hamarkadetako etorkinen ordezkariei. Langileak saritu nahi izan ditu. Euskaldunontzat hainbeste etorkin samaldan etortzea zer izan zen gogora ekarri nahi dut idatzi labur honetan.

Euskaldun gutxi zegoenetan, hizkuntza eta kultura aldetik berdintsu jarraitu zuten: espainiar. Esan liteke lehendik zetorren erdalduntzea ia erabat bururatzeko eragile garrantzizkoak izan zirela; gehienek espainiar burgesiaren mentalitatea ekarri zuten: Espainian leku batetik bestera mugitu ziren!; eta, kontzientzia espainiar handia izan gabe ere, euskalduntzeko beharrik ez zuten sentitu, eta ez dira euskaldundu. Euskal Herriak ez zuen tresna politiko-ekonomiko-kulturalik haiek bereganatzeko, eta integrazioa, alderantziz gertatu zen.  

 

Euskaldunak nagusi edo askotxo ziren herrietan, arazo gehiago izan zuten noski. Haatik, ziur egon, euskaldunek berek ahalegin gehiago egin zuten kanpotarrekin komunikatzeko, nahiz ikasitako gaztelania apurra oso urte gutxitan hala-moduzko eskoletan jasotakoa izan

 

Euskaldunak nagusi edo askotxo ziren herrietan, arazo gehiago izan zuten noski. Haatik, ziur egon, euskaldunek berek ahalegin gehiago egin zuten kanpotarrekin komunikatzeko, nahiz ikasitako gaztelania apurra oso urte gutxitan hala-moduzko eskoletan jasotakoa izan. Euskaldun haietako hainbatek, eskola urria izanagatik, ez zuten euskaldun kontzientzia eta harrotasuna galdu, eta, haiei esker ere bagara egun euskaltzale. Halako gurasoek eta norbanakoek bai merezi dutela domina!

Beste etorkin batzuek, nahiz eta berak euskaldundu ez, eta asmorik gabe euskaldunak erdalduntzen lagundu, integratzeko jarrera hartu zuten, eta saiatu dira euren seme-alabak euskaldun izan daitezen, eta hemengo. Halakoek zilarrezkoa merezi lukete.
Espainiatik etorritako gutxiengo batek, kontzientzia espainol sakona zutenak, euskal herriak espainiartzen enplegatu ziren, hizkuntzaz eta kulturaz; prentsak, irratiak eta telebistak lagundurik. Eskerrak, beste muturrean, euskaldun eskolatu erresistente gutxi batzuk egon direla; daukaguna, bere apalean, haiei zor diegu: Jakineko sortzaileei, Txillardegiri, euskaltzainei, ikastola eta euskalduntze-alfabetatze sortzaileei; eta, jakina, euskaldundu diren etorkinei: horiek diamantezkoa merezi lukete!
Kultura euskaldun eta politika abertzale aldetik impassean gauden honetan, ingeleskeriak eta erdalkeriak arlo askotan nagusi ditugun honetan, komeni da iraganera begiratzea, geroari begira euskaldunago eta geure herri txikiaren posibilitateetan sinestunago joka dezagun; guk txepel jokatzera, gutxi ekarriko ditugu euskal komunitatera.

Pako Sudupe azkoitiar idazlearen iritzi artikulua, Argia aldizkarian argitaratutakoa da. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide