Partaidetzarako bilera irekia gaur Elkargunean

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 5a, 16:09
Argazkia: Elhuyar.

Partaidetzan orain arte egindakoa baloratu eta nola hobetu herritarrekin elkarlanean hausnartuko du Udalak gaur, 18:30ean. Honako hiru gai hauek landuko dituzte, besteak beste: Danon Herrixe prozesuaren abiapuntua zein den gogoratu, hasieran definituriko erronkak osatzeko Udalak eta herriak garatutako ekimenak aztertu eta hurrengo urteetarako herritarren parte hartze politiken eta moduen inguruan proposamenak landu.

 

2012. urtean Azkoitiko udalak herritarren parte hartzea sustatzeko eta bultzatzeko asmoz, Danon Herrixe prozesua jarri zuen martxan. Lehen urrats gisa, herritarrekin batera, herriaren ezaugarrien, egoeraren eta beharren diagnosia egin zuen eta etorkizunean nolako Azkoitia nahi zuten hausnartu eta adostu zuen, aurrera begirako erronka eta ekimenak zehaztuz. Erronken eta ekimenen batzuk lehenetsi zituzten herritarrek eta horietako batzuk 2013ko udal aurrekontuetan bertan txertatu zituen  Herritarrek ezarritako erronkak eta egindako proposamenak helburu gisa hartu ditu Udalak, eta ekimen ugari egin ditu erronka horiei erantzuteko;

2013. urtetik aurrera, urtero aurrekontuak definitu aurretik prozesu parte hartzaile bat jarri du abian Azkoitiko Udalak. Azken bi urte hauetan hainbat modutan parte hartzeko aukera izan dute Azkoitiarrek: 2013an, herri batzarraren bitartez, hirigintzako eta ingurumeneko proposamen zehatz batzuen artean bozkatzeko aukera izan zuten; 2014an Azkoitiar guztiek proposamenak egiteko aukera izan zuten, online, postontzien bidez eta antolaturiko batzarretan. Proposamenak egiteko aukeraz gain horien artean bozkatzeko aukera ere izan zuten azkoitiar guztiek.

Eta aurrekontuena ez da izan herritarrekin elkarlanean landutako gai bakarra. Udaleko sail desberdinek ere herritarrekin batera jarri dituzte martxan hainbat ekimen, besteak beste: Euskarako plana, autobus Urbanoaren zerbitzua, Ingurumen plana, hondakinen ingurukoa, Moiu Ipurdixe gazteen prozesua, Azkoitiko bidegorri sarearen diseinua....

Partaidetzaren alorrean egindako lana baloratzeko unea da orain Udalarentzat, eta hori ere herritarrekin batera egin nahi du. Lau urte hauetan parte hartzea lantzeko erabili diren formulak, izan duten eragina, egindako akatsak... herritarrekin partekatu nahi ditu, euren iritzia eta ekarpenak jasotzeko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide