Jexus Oteiza EH Bilduko bigarren hautagaiaren eskutitza: 'Hurrengo Udal Hauteskundeen aurrean'

Maxixatzen.eus 2015ko mai. 4a, 09:36

Maiatzaren 8an hasiko da hurrengo udal hauteskundetarako kanpaina eta, betiko eran errutina norma bilakatuaz kasik, PNVk programa eta proposamen ezberdinak aurkeztu ordez nahiago izan du aurkariaren izena zikinduaz aurre-kanpaina hasi. Ideia eta programen inguruko eztabaida leiala izan beharko  lukeena azokako zurrumurru gaiztoen bozgorailu bilakatu dute. Edonoren izena eta ohorea zikintzea zilegi zaie baldin eta atzaparkada boto lortzen badituzte jokabide horrekin.

Kanpaina ofiziala hasi aurretik, kosta ahala kosta, Azkoitiko alkatearen izena lohitu eta iraindu nahi izan dute eragin ditzaketen ondorioei batere erreparatu gabe. Beldurra diote emaitzei; berriro EH BILDU irabazle atera dadin beldur dira, bai baitakite aurtengoa dutela azken aukera berriro ere Azkoitia beraien lagunen “txiringito” bilakatzeko.

Egia esateko, ez dakit zer gertatuko den maiatzaren 24an. Irabaztea nahi dugu, ilusioz beteta gaudelako eta ekimenak sendotu nahi ditugulako, baina jakitun gara hauteskundeak gal ditzakegula. Zer gerta ere, edozeren gainetik publiko egin nahi dut Urrategi Alberdi nire alkatearekiko dudan begirune eta miresmena. Zurekin eta zure lantaldearekin orpoz orpo egin dut lan azken urte hauetan.  Eta, jakin ezazu, Urra, sekulako bizipena izan dela, batzuetan gogorra, baina beti lagungarri. Zu bezalako pertsonak ezagutzeak, ezinbestean, gizaki gisa haztea eragiten du. Besteen onbeharrean pentsatzen duzu: gazteengan, helduengan, besteren menpekotasuna dutenengan, langabetuengan, etorkinengan, euskara ikasi nahi dutenengan, …  guztiekin zuzen jokatuz inongo interes partikularrei erantzun gabe. Ni neu ere hazi egin naiz zure ondoan. Badakit nolakoa zaren, langilea eta zintzoa, zorrotza beti, eta horregatik eta ez beste ezerengatik erabaki dut zurekin aurkeztea EH BILDUko zerrendetan.

Aurretik aipatu gisa, ezin jakin gobernuan ala oposizioan egongo garen; berdin-berdin jarraituko dugu hala ere batean zein bestean Azkoitia zuzenago eta solidarioago baten alde lanean.

Eskerrik asko, Urra

Jexus Oteiza Carrasco,  EH BILDU taldeko bigarren hautagaia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide