Udal eta Foru Hauteskundeak

Urrategi Alberdi izango da Azkoitiko EH Bilduren hautagaia alkatetzarako

Maxixatzen.eus 2015ko api. 18a, 13:19
Azkoitiko EH Bilduren hautagaitza maiatzeko hauteskundeetarako

Azkoitiko EH Bildu koalizioak maiatzeko Udal Hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du gaur;  hamar emakumek eta hamar gizonezkok osatutako zerrenda aurkeztu dute.

 

Urrategi Alberdi Azkoitiko egungo alkatea izango da EH Bilduren zerrendaburua maiatzeko Udal Hauteskundeetarako. Gaur eguerdian aurkeztu du ezker abertzaleko koalizioak hautagaitza, Elkarguneko Oteiza aretoan egin duen ekitaldian.

Hamar emakumek eta hamar gizonezkok osatutako taldea aurkeztu dute; legealdi honetako Udal Gobernuan lanean ari diren hiru kidek (Urrategi Alberdi alkateak eta Jesus Mari Oteiza eta Gaizka Larrañaga zinegotziek) eta 17 hautagai berrik osatzen dute zerrenda. 

Eneritz Artetxek aurkeztu duen ekitaldian, Ainhoa Beola Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EH Bilduren hautagaiak eta Urrategi Alberdi Azkoitiko EH Bilduren zerrendaburuak hartu dute hitza.

"Ilusio berrituarekin", koalizioak Azkoitian hasitako "bidea finkatu, elkarlana sendotu eta bide berriak" jorratzera datozela esan du Alberdik.

"Mundu hobeago batekin egiten dugu amets, herri justuago batekin, herri solidarioago batekin. Inor baztertuko ez duen mundua irudikatzen dugu, aniztasunez aberastutako herria, pertsonen eskubide guzti guztiak errespetatuko dituena, eta gizon zein emakume berdin izango garena. Eta ingurumena zainduko duen mundua", azpimarratu du.

"Airean gelditzen diren ametsetan" baina, ez dutela sinesten, eta horregatik, "azkoitiar guztion elkarlanarekin, pausoak elkarrekin emanaz lan egitera" datorrela adierazi du Alberdik.

Beolak ere ildo beretik hitz egin du, eta azken lau urteotan EH Bilduk Azkoitiko Udalean egindako lana azpimarratu du.  Bere hitzetan, "esan ziguten ez ginela gai izango gauzak egiteko, eta ekonomikoki egoera larrian hartutako udala zulotik ateratzeko gai izan zarete".

Jendetza batu da Elkarguneko Oteiza aretoan, EH Bilduren aurkezpen ekitaldian. Hautagai guztiek eta bertaratu diren herritarrek elkarrekin atera duten argazkiarekin amaitu dute ekitaldia.

Hemen, Azkoitiko EH Bilduren zerrendako hogei hautagaiak:

Urrategi Alberdi Garate

Jesus Mari Oteiza Carrasco

Idoia Uranga Salegi

Jakes Uranga Repulles

Gaizka Larrañaga Uzin

Ainara Goenaga Andueza

Jon Ander Larramendi Salegi

Iraitz Otaño Mujika

Edurne Izagirre Olariaga

Miren Alberdi Urzelai

Galder Gonzalez Bilbatua

Itziar Joaristi Olariaga

Joxe Sarasua Imaz

Iraitz Korta Etxaniz

Ainara Azpiazu Altuna

Kepa Alberdi Egaña

Maria Ostolaza Permisan

Antton Elorza Dierez

Ainhoa Aranbarri Andueza

Oihana Aranbarri Arregi

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide