Bi milioi euro herritarren esku, Urolan zertan inbertitu erabakitzeko

Maxixatzen.eus 2015ko api. 17a, 13:32

Gipuzkoako foru aldundiak bi milioi euro Urolako biztanleen esku utziko ditu, eskualdean zertan inbertitu erabakitzeko. Horretarako, hilaren 22an tailer ireki bat antolatu dute Elkarguneko Oteiza aretoan.

Tailerrera doazen herritarrek eskualdea hobetzeko ekarpenak egingo dituzte, beraien ustez eskualderako onuragarriak izan daitezkeen proposamenen bidez. Eskualdearentzako onuragarriak eta Aldundiaren eskumenekoak izan behar dute proposamenek. Modu horretan, herritarrek erabakiko dute Aldundiko aurrekontuaren zati bat zertara bideratu.

Parte-hartze prozesuak, guztira, bost fase izango ditu. Lehenengo fasean parte hartzeko hiru modu daude. Batetik, Interneteko web orriaren bitartez; bestetik, Gipuzkoa aldizkariko esku-orria Udalean utzita; eta azkenik, Elkarguneko tailerrera joanda datorren asteazkenean, 18:30ean.

Bigarren fasea ekaineko bigarren astean izango da, eta herritarrek jasotako proposamenen aukeraketa bat egingo dute. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute Aldundiko teknikariek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte. 

Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute ekarpenak egiteko. Gainera, lehentasuna izango dute epe luzeagoko proiektuek.

Gipuzkoan, guztira, hamar eskualde zehaztu ditu Aldundiak, eta bakoitzean bi milioi euro jarriko ditu herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko: Bidasoan, Buruntzaldean, Debabarrenean, Debagoienean, Goierrin, Oiartzualdean, Tolosaldean, Urola Erdian, Urola Garaian eta Urola Kostan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide