Maiatzetik aurrera, Gipuzkoako foru aldundiak kudeatuko du San Jose egoitza

Maxixatzen.eus 2015ko api. 16a, 15:45

Azkoitiko udalak eta Gipuzkoako foru aldundiak hurrengo hilean sinatuko dute oraindik Udalaren gain dagoen San Jose egoitzako kudeaketa, Aldundiaren esku uzteko hitzarmena.  

Gaur goizean egoitzan bildu dira, besteak beste, Ander Rodrigez gizarte politikako diputatua, Pablo Gartzia erakunde publikoetarako zuzendaria, Urrategi Alberdi Udaleko alkatea eta Esther Lizarralde gizarte zerbitzuetako zinegotzia. Guztiek egoitzako egoera bertatik bertara ezagutu dute. Gainera, adinekoak gertutik agurtu dituzte, eta haiek dituzten beharrak nolakoak diren ere galdetu diete.  

Foru eta Udal arduradunek adierazi dute zentroko langileen lan baldintzak ez direla aldatuko eta lanpostu guztiei eta lan baldintza guztiei eutsiko dietela. Era berean, berretsi dute ez dela aldaketarik izango zerbitzuaren kalitatean ez eta baldintzetan ere.

Eskualdaketaren ondoren ere "zerbitzu ona eta kalitatezkoa bermatzea izango da helburua; Diputazioak badu horretan eskarmentua, eta ziur gaude hala egingo duela", azpimarratu du Alberdik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide