Labetik atera berria, banatzeko prest

Maxixatzen.eus 2015ko mar. 27a, 11:52
Maxixatzenen aldizkaria banatzeko prest

Maxixatzen herri aldizkariaren 341. alea kalean da. Duela 19 urte kaleratu zen lehendabiziko alea eta 13 urteko ibilbidea izan zuen. Sei urteko etenaldiaren ondoren, berriro Azkoitiko etxe guztietan jasoko dute gaur 341. alea.

Lehendabiziko zenbakia berezia izango da. Maxixatzen Herri Komunikabidearen aurkezpen zabala aurkituko dute bertan herritarrek: aldizkaria bera eta gaurtik  airean dagoen atari digital honen nondik norakoak azalduko zaizkio irakurleari.  Proiektuaren nondik norakoak jasotzen dituen erreportajea eta Maxixatzen herri aldizkariko sortzaileei elkarrizketa zabala ere izango dira irakurgai lehendabiziko zenbakian.

Hemendik aurrera, proiektuko bidelagun izango ditugun hainbat herritarren iritzia ere jaso da, elkarrizketa laburren bidez. Azkenik, herri komunikabidearen irudi berriaren diseinu-lehiaketaren irabazleak irudiari buruz emandako azalpenak ere jasota geratu dira ale berezian.

Erakundeen diru-laguntzez gain,  herriko enpresa eta dendarien publizitatea eta herritarren bazkidetza ezinbestekoak izango dira egitasmoari eusteko. Hala, komunikabidean iragarkiak jartzeko eta herritarrak bazkide egiteko eman beharreko urratsak ere, zehaztuta daude aldizkarian.

EGIN ZAITEZ BAZKIDE!

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide