Zilarrezko Arraintxoak irakurle taldea Auzokorekin batera

Maxixatzen.eus 2015ko ots. 25a, 09:38

Auzokokoekin

Gaur egiteko saio berezia antolatu du irakurle taldeak: Auzoko taldeko kideekin elkartuko dira ohiko leku eta orduan, Aizkibel Udal Liburutegiko azken solairuan, 19:00etan.

Saharako modura egindako tea gozokiekin dastatzeko aukera izango da, lagunarteko giro lasaian elkarren literaturak ezagutzeko.

Alde batetik, Auzoko taldeko auzokide eta auzotarrek euren herrialdeetako literatura ezagutaraziko dute (Kolonbia, Nikaragua, Sahara, Pakistan...), poema edo ipuin batzuen bitartez. Beste alde batetik, euskaldunek euskal literatura aurkeztuko diete haiei, aukeratutako pasarte, ipuin edo kanta labur batzuk irakurrita.

Ekimena herritar guztiei zabaldu nahi diete, eta gonbidatu egin nahi dituzte atzerriko literaturaz gain kanpotik etorritako azkoitiarrak ezagutu nahi dituzten guztiak.

Irakurle taldearen hurrengo saioa, berriz, martxoaren 25ean izango da, eta ordurako aukeratutako liburua Danele Sarriugarteren "Erraiak" (Elkar, 2014) eleberria da. Horretarako ere gonbidatuta zaudete!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide