Topaldia: "Kultur komunitate bizia: zein da eragile euskaltzaleon egitekoa?"

Maxixatzen.eus 2015ko urt. 14a, 06:36

Topaldia 2015

Izenburu horren inguruan ardaztuko da 12. Topaldia, urtarrilaren 29an Durangoko Landako elkartegian egingo den jardunaldia.

Urteroko jardunaldietan euskaltzaleen mugimenduarentzako intereseko diren gaiak lantzen dira, eta oraingoan kulturgintza izango da aztergai.

Kulturgintzak leku zentrala izan du euskaltzaleen elkarteen jardueran. Hizkuntza komunitatearen artikulazio eta garapenerako osagai garrantzitsua izan da beti, eta egitasmo asko abiarazi dira urteotan.

Urteak aurrera joan ahala, kulturgintzaren egoera asko aldatu da -baita euskarazko kulturgintzarena ere- eta euskaltzaleen elkarteek -bestelako eragileek bezala- kulturgintzan zer funtzio jokatzen dugun aztertzeko momentua dela uste dugu. Horregatik, kultur komunitate bizi bat bultzatzeko lanean, eragile euskaltzaleen egitekoa zein den galdetu dugu aurtengo Topaldiaren izenburuan.

Hiru atal izango ditu Topaldiak:

  • Lehenengoan, euskararen normalizazioan kulturgintzak zer garrantzia duen aztertuko dugu.
  • Bigarren atalean berriz, herrietako euskaltzaleen topaguneek kulturgintzan duten egitekoa landuko dugu.
  • Eta hirugarrenean, egiteko hori betetzeko zer nolako jarduerak antolatu daitezkeen aztertuko dugu, adibide praktikoak ezagutuz.
Egitaraua webgune honetan bertan dago, eta izen-ematea ere bertatik egin daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide