Herri kontsulta urtarrilaren 25ean, hondakinen sistema mistoaz

Maxixatzen.eus 2015ko urt. 12a, 18:27

Herri kontsulta

Urte erdia joan da Udalak hondakinak biltzeko sistema mistoa abian jarri zuenetik, eta herritarrek sistema horretaz duten iritzia jakiteko galdeketa egingo du.

Urtarrilaren 25ean izango da herri kontsulta, honako galderari Bai ala Ez erantzunez: “Egokia ikusten al duzu hondakinak biltzeko Udalak martxan jarri duen sistema mixtoa?”.

Aldez aurreko betebeharren barruan, hainbat lan egin dira:

-Dagoeneko etxez etxe bidalita dago galdeketaren inguruko informazio osoa; bertan zehaztuta dago botoa non, noiz eta nola eman.

-Gaur hasita, baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoek 23ra arte izango dute aukera euren botoa defendatzeko kanpaina egiteko.

-Botoa aldez aurretik eman nahi dutenek ere aste honetan egin beharko dute: ostegunean eta ostiralean izango da horretarako aukera, hemen azalduta dagoen moduan.

Hondakinen %80ko bereizte tasara iritsita, horri esker botatzeko zabor kopurua jaitsita, eta horrenbestean zaborraren tasa %15 jaitsita herri kontsulta egiteko garaia da, Udalak uztaileko osoko bilkuran agindu bezala. Galdeketarako prozedurak seriotasun, gardentasun eta legezko berme guztiak izango ditu.

Udal gobernuak bere egingo du kontsultaren emaitza, eta horren arabera hartu beharreko neurriak hartuko ditu. Emaitzak jarraipen batzordera eramanda, sistema hobetzen eta egokitzen jarraitzeko lanean jarraituko dute, gaikako bilketa eta prebentzioan aurrera egitea helburu hartuta.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide