Expochess: Nazioarteko Xake Topaketak Azkoitian

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 28a, 06:11

Expochess

Euskal Xakeko Selekzioaren 30. urteurrena dela eta, Nazioarteko Xakeko Topaketak antolatu ditu Azkoitian Euskal Xake Federakuntzak, Azkoitiko Udaletxearen eta Euskal erakundeen babesarekin eta AHSI Consultingen eskutik.

Expochess izeneko Topaketak atzo hasi ziren eta igandera bitartean izango dira, Euskal Herriko Selekzioa eta Eskoziakoaren arteko norgehiagokarekin.Euskal Selekzioak eta Italiakoak 1.984. urtean Azkoitian bertan egin zuten topaketa oroitzeko.

Horrez gain, erakusketak, lehiaketak, liburu eta Xakeko materialen salmentak ere antolatuko dira, eta baita konferentziak eta mahai inguruak ere.

Topaketa horien helburua Euskal Xake Selekzioari omenaldia egitea da, eta bere ezagutza nazioartera zabaltzea. Aldi berean, euskal kirol federazioen ofizialtasuna aldarrikatzea ere nahi da. Bestalde, xakea euskal gizartean hedatzea ere nahi dugu, kirol aktibitate ludiko eta osasungarri den aldetik. Azkenik, Azkoitiaren irudia nazioartean bultzatze ere nahi du, eta Euskal Herriarena ere bai.

EGITARAUA

Azaroak 27, osteguna

- 19:30. Eskoziako selekzioa iritsiko da, eta Expochess jaialdiaren inaugurazioa eta erakusketen irekiera, Elkargunean.

- Argazki, margo eta mikrobideoen lehiaketen hasiera.

Azaroak 28, ostirala

- Eskoziako selekzioko kideek herriko kultura ezagutzeko ekitaldietan hartuko dute parte. Besteak beste, Kontzejupean pilota partidak eskainiko dituzte Oteiza Pilota Elkartekoek.

Azaroak 29, larunbata

- Goizean. Euskal Selekzioaren eta Eskoziakoaren arteko partida.

- Ondoren. Xakeko munduko txapeldun izandako Ruslan Ponomariovren erakustaldia.

- Eguerdian. Eskoziako selekzioari harrera instituzionala eta Euskal Selekzioari omenaldia, herriko dantzari eta abesbatzako kideekin.

- Arratsaldean. Bi selekzioen arteko bigarren partida.

Azaroak 30, igandea

- 10:00-12:30. Xakeari buruzko hitzaldiak: Jordi Prio Burgues, Joaquin Fernandez Amigo eta Leontxo Garcia Olasagasti.

- 12:30. Hiru hizlariekin mahai ingurua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide