Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko Sarea

Maxixatzen.eus 2014ko aza. 19a, 06:34

Sare herritarra

 

Sare herritarra osatu berri da Azkoitian, eta hona hemen helarazi diguten testua:

 

Euskal Herrian Konponbideak guztion bultzada berri bat behar du; hori dela eta gure ustez gatazkaren ondorioen arloak garrantzi berezia du une honetan, besteak beste, preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatzeak.

 

Azkoitian lan hori egin asmoz bildu garen herritar talde bat gara. Gure nahia pertsona ezberdinen arteko herritarren sarea osatzea da.

 

Euskal Herri mailan Sare herritarrak dagoeneko badu ibilbide bat eta bere aurkezpen ekitaldian Juan Jose Ibarretxe, Karlos Garaikoetxea, Uxue Barkos, Jabier Madrazo, Rosa Rodero, Axun Lasa, Txaro Arteaga, Joan Mari Torrealdai, Juan Mari Olano… bezalako pertsonai esanguratsuek eskaini diote babesa.

 

Herrian ere hori da nahi duguna, sentsibilitate ezberdinetako norbanakoak batzea. Hori gauzarazteko azken aste eta egunotan lan horretan dihardugu eta ditugun harremanetan harrera oso ona jasotzen ari garela aurreratu dezakegu eta beraz, oso baikor gara.

 

Giza eskubide guztien alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioa du Sarek. Pertsona ezberdinek euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egingo dugu lan.

 

Herritarrak izango gara protagonista. Pertsona bakoitza sarearen puntu bat izanik, bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akademikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edota auzoan. Eta elkarren artean lotuko gaituena, aipatu duguna lan komuna izango da: euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren giza eskubideen jabe izatea.

 

Honela, abenduaren 20ean goizeko 11:30ean Elkargunean AZKOITIKO SAREren aurkezpena egingo dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide