Aitor Arruti Rezabal: Gure esku al dago?

Aitor Arruti Rezabal 2014ko aza. 14a, 06:40

Gure esku al dago?

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-40

Azkoitia, 2014ko azaroaren 14a

Azkoitian bizi naiz, eta azkoitiarra naiz; hala diote nire agiri ofizial guztiek.

Espainian bizi naiz, eta espainiarra naiz; hala diote nire agiri ofizial guztiek.

Azkoitiarra eta espainiarra naiz, beraz, nahitaez, nire emozioek taupada bakoitzean urrestildarra eta euskalduna naizela xuxurlatzen didaten arren.

Dena dela, agiri eta dokumentuei begira jarrita, horiek ez dute guztiontzako balio bera bizi gaituen Espainia honetan. Aste honetan bertan jakin ditugun zenbait berri ditugu horren lekuko:

-Nafarroako Gobernuak Urrezko Domina emango dio frankismoan ikur nagusienetakoa den Erorien Harana eraiki zuen Felix Huarte Goñiri. Eraikitze lanetan, frankismoan atxilotutakoak erabili zituzten, giza eskubideekiko amnesia interesatuak jota.

-Espainiako gobernuak uko egin dio Interpolek, Argentinako Servini epailearen aginduz, umeak lapurtu, jendea torturatu eta hil zuten frankismoko 19 agintari eta polizia atxilotzeko aginduari. Delituen ikerketa Amnistiaren Legearekin transizio garaian bukatu zela argudiatu du.

-PPko Iñaki Oiarzabalek adierazi du “irrigarria” dela frankistak atxilotzeko agindu hori, eta 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen 5 langile hil izana haien protesten gogortasunak eragindako “gehiegikeria” izan zela.

-Aznarren PPko gobernuko bozeramaile izandako Miguel Angel Rodriguezek Antena3 telebistan jakinarazi berri duenez, naziek atxilotu eta frankistei entregatu ostean fusilatutako Lluis Companys Kataluniako presidenta gogoan, Artur Masek “behar duena fusilamendu bat da, orduan bikain egongo litzateke”. Eta oraingoz ez da ezer gertatu.

-2013ko Sanferminetako txupinazoan Iruñeko udaletxe aurrean ikurrina erraldoia txintxilikatu zuten bizardun batzuek, inori inolako kalte fisikorik eragin gabe. Bost hilabeteko kartzela zigorra jarri diete, plazan zegoen jendearen segurtasuna arriskuan jartzeagatik.

 

Nire esku badago, gure esku baldin badago, horrelako albisterik gabeko estatu batean bizitzeko pausoak ematen hasi beharko dut, oraintxe bertan, lehenbailehen. Gauden estatuan jarraituta kontuak onerako alda litezkeela uste izatea orain arteko euskara politikekin gure hizkuntza normalizatuko dela sinestea bezain alferrikakoa da.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide