Aitor Arruti: Zubi bat Marokorantz-2

Aitor Arruti Rezabal 2014ko urr. 21a, 10:29

Zubi bat Marokorantz

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-36

Maroko, 2009ko urria

Mohamedia honetan eguzki argitara begiak goiz zabaldu ondoren, sekulako gosaria eman digute Mohamed lagunaren senideek, afaria adinakoa ia. Etxekoandreak lanera joan behar du, bertako Lanbide eskolako irakaslea da eta. Etxeko gizonak, berriz, ez du lanik egiten, ez etxetik kanpo, ezta etxean ere, ikusi ahal izan dugunez.

Ostatua eta mantenua eskuzabal eskaini digutenak esker onez agurtuta, Rabat aldera abiatu gara alokatutako autoan. Hiriburuan Mohamed V.aren mausoleo galantean ibili gara bisitan. Oraingo errege Mohamed VI.aren aita Hasan II.a dago bertan hobiratuta. Egun osoan, orduz ordu, hildako erregeen alde aritzen da Korana irakurtzen horretarako propio jarritako gizon bat.

Errepidera jo dugu jarraian berriz ere, eta Fezetik pasa gara Mulay Jakoub bainuetxera bidean. Gosetu ahala, kus-kusa, barazkia eta txahalkia bazkaldu ditugu gasolindegi baten ondoko jatetxe xumean.

Sabela berdinduta, bainuetxean bizitakoak izan dira bidaia honetako unerik gogoangarrienetakoak. Hemendik gertu beste bainuetxe bat dago, luxuzkoa, eta helikopteroz etortzen omen dira bertara aberaskiloak. Gu, berriz, bertako eta inguruetako herritarrek erabiltzen duten bainuetxean izan gara, zorioneko denboran atzera egindako bat-bateko bidaian.

Bi atal nagusi dituzte terma hauek: emakumezkoena eta gizonezkoena. Azala erretzen bezala jartzen duen sulfurodun ur beroegian hartu dugu bainu maskulinoa, eta masaje zigortzailea jarraian igerileku ertzean, denok elkarren gainean, baldosarik sobera ez den lurzoruan. Mohamedek ohartarazi egin ditu masajistak guri ohikoa baino masaje leunagoa emateko. Eskerrak ba!

Astindu bustiarekin gorputza inarrosita, Fezera joan gara. Kale arteko bizia dago ostiralez, taupada berriek biziarazten dute harresi arteko hiri zaharra. Eta iluntzen hasi aurretik, Oujda herrira abiatu gara, Mohameden jaioterrira.

Hara iritsi arteko bide luzean zehar, hainbat kontu izan ditugu hizpide: gidari zoroak, bidaiari estutuak, lagunen laneko bizipen aski jakingarri eta bitxiak, onanismoa Islamaren barruan, Mohamed ezkongabeentzako andregai bila, eta afaria bide ertzeko terraza lasaian.

Gauerdia da ia Oujdara ailegatu garenerako, eta pozik hartu gaituzte Med lagunaren beste senide batzuen etxean. Arrotza etxean hartzeko musulmanen ohitura baliatzen ari gara zinez.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide