Azkoitiko Bidaiariak: Portugal bizikletaz Adrian Chohan eta Gorka Mansorekin

Maxixatzen.eus 2014ko urr. 16a, 06:29

Portugal

Portugal bizikletaz emanaldia eskainiko digute gaur Adrian Chohan oñatiarrak eta Gorka Manso ermuarrak Azkoitiko Bidaia Tertulietan. Kultur Etxean izango da hitzordua, arratsaldeko 19:30ean.

Hona hemen protagonistekin egindako elkarrizketa:

  1. Nolatan bururatu zitzaizuen Portugal bizikletan bisitatzea?
Bidaia gutaz aparte Aitorrek ere egin zuen, Aitorrek Lisboan bukatu zituen ikasketak eta hainbeste gustatu zitzaionez, bertatik bidaiatxo bat egitea bururatu zitzaion. Eguraldiaren faktoreak ere zerikusi handia izan zuen toki hori aukeratzeko orduan, bizikletan bidaiatzeko orduan euria ez baita oso adiskide ona izaten.

  1. Nolakoa izan zen prestakuntza eta hemendik hara iristeko bidea?

Bizikletan bidaiatzen duzunean faktore asko hartu behar dira kontuan, zein herritan lo egin dezakezun, eta abar. Mapak bizikletan bidaiatzen dugunean normalean google earthetik deskargatzen ditugu, bertan, besteak beste, interesgarriak izan daitezkeen lekuak ikusten ditugularik. Eraman beharreko gauzei dagokionez beharrezkoa dena soilik eraman behar da, ezin baita ahaztu zama dena geuk bultzatu behar izaten dugula.

  1. Zeinek egin dezake zuenaren moduko bidaia? Edozeinek bai?

Bai noski, bizikletan zerbait ibiltzen den edozeinek egin dezake bidaia hau, zentzu hortan Portugal bizikletan bidaiatzeko toki aparta da, desnibelak ez dira oso gogorrak eta kostako paisaia ikusgarria da. Egin ditugun beste bidaia batzuk forma puntu handiago bat edukitzea eskatzen dute, baina ezta Portugalen kasua.

  1. Nola planteatuko duzue Azkoitiko emanaldia?

Emanaldi honetan azaldu nahi dugu zer sentitzen den alforjakin bidaiatzen denean. Orokorrean, zela prestatzen ditugun honelako bidaiak, nola planteatzen ditugun eta zer nolako bizipoza transmititzen duen bizikletan bidaiatzeak.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide