Juan Karlos Merino: "Gaurko begirada"

Juan Karlos Merino 2014ko urr. 15a, 18:23

 

Begirada

Terrazan egunkariko albiste artean nagoela, besteen arazoekin nireak ahazteko saioan zelatan zaitut. Berriak irakurri bitartean, kafe-zurrupadak hartu bizkitartean, kealdi bat eman anartean zelatan zaitut.

Jakizu ametsa iruditu zaidala ni zelatatzea. Hamarkadak badira ez nuela halako bizi-taupadarik. Jakizu ez dakidala nola jabetu naizen. Zinez dizut aspaldi nagoela beste mundu batean.

Nola edo hala, jakin-mina hibernazio batetik esnatua, neuronetan txinpartak ateraz, galdera bat piztu zait, bat-batean: zer daukat nik? Zer? Ez dut lanik, ez osasunik, ez lagunik, ez ametsik; goizeko kafea soilik, berrien axolagabetasuna, porrot egindakoaren bakardadea, zapaldutakoaren bazterketa apika. Eta dena dela... zelatan zaitut; finko, irrikaz. Zer dut nik? Ile urdina, bisai goibela, karrakatutako arropa, hautsitako bihotza... eta hala ere zelatan zaitut.

Egunkaritik bista jaso eta beha ari zaizkidan begietara joz ardazten ditut irisak nor zaren ikusteko, zelatatua zelatari bihurtuz. Horrela, elkarri begira, denbora gelditu, espazioa desitxuratu eta beste mundu batzuetako argiko grabitazioan ikusi dugu elkar. Hura guztia une batean, lipar bat soilik izan da eta.

Alabadere, ez zenuen halakorik espero, antza. Ustekabean harrapatuta, aulkian jauzi txikia, kafe-katilurantz luzatutako ahurra, desbideratutako begikaldia zure gauzak jasotzearren... dena dakusat ume baten jakin-minaren goseaz.

Altxa eta bazoaz. Nire bihotza iraungi eta ausardia aurpegiratu diot neure buruari. Betazalak ixten ditut, barkamena eskatuz. Damu naiz eta hitzematen dizut. Egunkari-orri artera itzuliko naiz zintzo; ezjakinarena eginen dut. Zatoz!, arren. Jesar zaitez atzera!

Beranduegi. Ahalke zoaz. Begiradarekin jarraitzea baimen iezadazu, gutxienez. Horrelaxe, halaber, kalean behera zure hankak, aldakak, gerria: konstelazioak, galaxiak, inoiz ikusiko ez dudan planeta urruneko orbita. O izarrak!, barka itzazue ortzia begiratu izana.

Aldentzean, urrats pijo horiek badakite begiz jarraitzen dizudala. Zuk badakizu nik badakidala zuk dakizula. Horra hor benetako berria! Izan ere, egunkarikoak jada ez dira interesgarriak; kafeak orain mingosten du gogoa; bihotza aspaldi dago ebola; eta ezpainetan purua itzalia.

Bihar, kafe-orduan, esfingea edo mimoa izango nauzu berriro. Pipilak Berrian itsatsita itxarongo dizut. O!, izar atzemanezin, Venus gorri, portadarik gabeko modelo, barka iezadazu atrebentzia. Zer dudan nik zure begiak erakartzeko jakin nahi nuen soilik. Ez naiz deus hiretzat, deusik ez daukat; goizeko kafea soilik eta gaurko begirada.

 

Juan Karlos Merino

 http://juankarlosmerino.blogspot.com.es

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide