Partaidetzazko aurrekontuak: bilerak gaur eta bihar

Partaidetza

Bi bilera egingo dira Azpeitian gaur eta bihar Partaidetzazko Aurrekontuen baitan.

Gaur, irailak 30, 2015ko aurrekontuekin zein proiektu egin aukeratzeko bilera egingo da Azpeitiko udaletxean 19:00etan. Urola Erdiko herritarrek martxoan eta apirilean proposatu eta lehenetsitako proiektuez teknikoen txostenak kontuan hartuta, orain da behin betiko proiektuak aukeratzeko garaia, eskualde bakoitzari dagozkion 500.000 euroak zertan gastatuko diren erabakitzeko.

Bigarren bilera, berriz, bihar, urriak 1, izango da  Baigeran 19:00etan, eta bertan herritarrek aurten egitea erabakitako proposamen bat aztertuko da. Eskualdeko mendietan bidezidorrak txukundu, eta mendi-ibilbide erakargarriak egitea erabaki zuten herritarrek. Gipuzkoako Mendi Zuzendaritzako teknikariek eskualdeko mendi-bideen egoerari buruzko informazioa emango dute eta ondoren, herritarrek aukera izango dute euren proposamenak egin eta eskuhartze egokienak aukeratzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide