Erlantz Urtasunen hitzaldia gaur: euskara Nafarroako historian

Maxixatzen.eus 2014ko ira. 24a, 16:00

Ostegunean

Erlantz Urtasun historialari eta idazleak Euskara Nafarroako historian hitzaldia emango du datorren gaur, hilak 25. Napar Zuzterrak eta Maxixatzen elkarteek Udalaren laguntzaz antolatuta, Elkargunean izango da hitzaldia 19:00etan, eta hona hemen egin diogun elkarrizketa.

Nolako hitzaldia izango da gaurkoa? Zer egitura izango du?

Jendeak nahi duena. Hasiera batean, girotzekotz edo, euskarari loturiko Nafarroa Garaiko afera, pasadizu historiko batzuk azalduko ditut, baita karrikaratu berri ditudan eta bertan ikusgai izanen diren liburu batzuetako mamia ere. Halere, nik uste dut inguratuko diren lagunen galderak eta iruzkinak gakoa izanen direla.

Zein da zure asmoa Nafarroako historia eta euskara lotzean?

Gure aberrian kulturalki naturala dena agerian utzi nahi dut. Zoritxarrez, egun, orokorrean, eta gureak biziraun dezan, naturala dena behin eta berriz azaldu behar baita... Bihotzez egiten ohi dut. Ezin bertze era baterat bizi... Horri "beharra" diogu.

Ikerlaria izanik, nondik ateratako datuak erabiliko dituzu eta nolakoak?

Ahoz jasoriko hamaika, aspaldiko testuetatik eta liburu berrienetatik makina bat,  artxibategi lana, hausnarketa, gogoeten ondorioak, emaitzak eta bertze.

Nafarroa historikoaz ari zarenean, Azkoitia ere hor sartzen al duzu?

"Historikoaz"? Egun Azkoitia Nafarroa ez ote da? Ai ene, Nafarroa gauza bat da eta Nafarroa Garaia bertze bat. Alemaniarrek ea Hamburgo edo Bremen Alemanian direnentz galde egiten dute? Argiago, Gazako populua Israel ala Palestina da? Nik nafarra naizela garbi daukat. Sakonago adieraziko dut: Nafarroa Garaian nagusiki nafarrak eta espainiarrak bizi dira. Gipuzkoan ere bai. Baina lehen erran dudanaren ildotik, gure aberrian kulturalki naturala dena behin eta berriz azaldu behar da. Bai, baita politikoki naturala dena ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide