IRITZIA: ANTIMILITARISMOA AZKOITIAN, EGIAZKO MAPAREN ZIRRIBORROA

Maxixatzen.eus 2014ko ira. 4a, 07:27

Luis Olanoren iritzia

Herri mugimenduak izaki bizidunak bezalakoak dira. Sortu, hazi, ugaldu eta hil egiten dira. Ondoren lurpean pake-pakean utzi ezkero, hilotza beste mugimendu berri  batzuentzat ongarri bihurtuko da. Kontrakoa ere gerta daiteke: norbaitek haratustela lurpetik ateratzea eta alderdi edo erakunde sarraskijaleen bazka bihurtzea; nere ustez, antimilitarista taldearen hilotzarekin aurtengo Andramaixetan gertatu dena.Aurrera jarraitu baino lehen bi ohar gaizki-ulertuak saiheste aldera:

1.- Hemen aipatzen diren gertaerak epe historiko zehatz batean kokatzen dira: 1980tik hasita, orduan hasi ginelako talde antimilitaristan lanean, 1985eraino. Urte hartan, tailaren boikotaren ondorioz besteak beste, Udalak Gaztetxea botatzea erabaki zuen.

2.- Azkoitiko egungo Udal gobernuaren arduradunei, ohiturari men eginez, “ezker abertzalea” deritzot, eta berau garai bateko Herri Batasunaren oinorde politikotzat hartzen dut, beraien zuzendaritzan azken hamarkadetako etenik gabeko hariak kontrakoa pentsatzeko aukera gutxi uzten digulako.

Gure azalpenera bueltatuz, uztaileko Maxixatzenekin haragi ustelaren kiratsa bezalako zerbait zabaltzen hasi zen. Bertan mugimendu antimilitaristaren partaide izandako batek “nola garatu zen mugimendu antimilitarista Azkoitian?” galdetuta, mugimenduaren lehenengo bost urteetan egindakoak ixiltzen ditu. Horren ordez nahiago du bere burua noiz hasi zen garatzen antimilitarista bezala azaldu, garrantzi guztia ekimen soil bati emanez. Gainera ekintza horren data ematerakoan nahastu egiten da. Tailaren boikota ez zen 1984an izan, 1985eko martxoan baizik.

Jakina, data horren aurretik ere inguru hauetako indar politiko bakoitzak ondo finkatuta zituen soldaduskaren eta ejertzitoaren inguruko jarrerak. Erradikalenak “lau herrialdeak Kapitaintza Jeneral bakarrean”  edota “soldaduen kontseiluak” bezalakoak. Bestalde, Azkoitian eta beste leku bakan batzuetan, alderdi politikoetatik kanpo mugitzen ginen hainbat lagun aspalditik gaia kaleratzen ari ginen.

Gure taldea 1979-80ko ikasturtean sortu genuen Azpeitiko Institutuan genbiltzala. Orduan atera eta partitu genuen gure lehenengo pegatina: lorea kasko barruan “Pakea nahi baduzu gerrarik ez prestatu. Ejertzitorik ez!” esaldiarekin. Goian aipatu ditugun leloekin bazegoen aldea. Mugimendu errealak laster zegokien lekuan utziko zituen azkeneko horiek, historiaren zabortegian.

Bide horretan urratsak ematen ari ginen Urolaldeko antimilitarista taldea izenarekin, hasieran Azpeitian biltzen ginelako. Taldea hazten joan zen: informazioa bilduz, beste herrietako jendearekin eta aurretik mobidatan ibilitakoekin egonez eta eztabaidatuz… Kaleko estreineko mobilizazioak gauzatzera heldu ginen 1982rako; enkartelada-poteo bat Azpeitian, Xoxoteko eguna eta Indar Armatuena batera zirela baliatuz Izarraitzen topaketa… Hango aldapak baino oztopo handiagoak ere suertatu ziren: Ezker Abertzalea ez zegoen prest beraien gidaritza izango ez zuen mugimendu bat ametitzeko. Orduko Jarraikoekin egiten genuen talka behin eta berriz, beraien ikuspuntuak inposatzen tematzen zirelako, eta eztabaida publiko bat ere izan genuen Enparan dorretxean 1983ko otsailean. Ez alperrik. Abenduan Jarraiko bigarren kongresuan onartutakoak garbi uzten zuen errealitatetik kanpo segitzen zutela: ”Printzipio antimilitaristetan oinarritutako jarrera guztiak baztertzea, okupazio ejertzitoari modu eraginkorrean aurre egiteko beharra dela eta”. ”Soldaduska honi ez!”, “Euskal Ejertzito herrikoi baten alde”, “Benetako Euskal Gobernu batek zuzendua izango den soldaduska Euskadin egin ahal izango dugu” esaten zituztenekin elkar ulertzerik ez genuen. Eta horrela iraun zuten urte luzez “intsumisioaren olatua” atzeraezina bihurtu zen arte eta bategitea beste erremediorik izan ez zuten arte.

Horrelakoa zen giroa gutxi gorabehera sasoi haietan. Hori azaldu ordez kontakizun pseudo-idiliko batekin garaian zeuden ikuspegi kontrajarriak estaltzea alderdi zehatz baten mesedetan, ezker abertzalearen mesedetan, historiaren faltsifikazio interesatu batentzako lan zikina egitea da. Putreak elikatzeko hilobiak profanatzea bezalakoa. Kontakizuna egiteak seriotasun minimo bat eskatzen du. Garai haiek bizitako batzuk oraindik hemen gara, eta, zeharo lerdotuta ez gaudenez, alderdi eta indar politiko bakoitzak esandakoak eta egindakoak gogoratzen ditugu. Zenbaitzuk gertaera historikoekin zer ikusirik ez duen oportunismo partidistaren menpeko morokila egiten saiatzen direnean Lissagarayren hitzak gogoratuko dizkiegu: “Herriarentzat kondaira iraultzaile faltsuak asmatzen dituen hura, istorio liluragarriekin dibertiarazten duen hura, itsasgizonentzat gezurrezko mapak marrazten dituen geografoa bezain kriminala da”.

Orain arte esandakoarekin 1985ko tailaren boikota ez zela berezko sortzapenetik edo argialdi zerutiar batetik etorri garbi geldituko zela pentsatzen dut. Gezurrezko mapa hori osatzeko beharrezkoa zen, baita, Gazteen Asanbladaren eta Gaztetxearen inguruko ezer ez azaltzea, borroka antimilitaristan jokatu zuten paperari buruz hitz bat bera ere ez aipatzea. Eta era berean Gazteen Asanbladaren ondarea ziren hainbat argazki sarean eskuragarri daudela aprobetxatzen dira festatako programa apaintzeko! Hori egin duenak bi gauza nahastu ditu. Argazkiak eskura izatea eta argazkiak erabiltzeko zilegitasuna berak izatea. Eta nik behintzat ez diot aitortzen zilegitasun hori ez Udalari, ez ezker abertzaleari. Zergatik? Berriro ere urte haietara bueltatu behar dugu hori azaltzeko.

Azkoitiko mugimendu antimilitaristaren garapenean 1983ko urtarrilaren 29a egun seinalatua izan zen. Antimilitarista taldekoak izan ginen egun hartako gazte asanbladaren deialdia egin genuenak. Ordurako gure herrian biltzeko eta ekimenak prestatzeko espazio baten gabezia ez zela bakarrik gure taldearen arazoa jabeturik geunden. Hortan behintzat bete-betean asmatu genuen. Handik aurrera bi borrokak asko indartu ziren, bai soldadutzaren aurkakoa bai Gaztetxearena. Asanbladaren bidea autoorganizazioarena izan zen, gazteen beharrak “ezein talde politiko eta erakunderen menpe” ez jartzearen bidea. Gaztetxeak “faltan genituen egintzetako eta baita elkar ikusi eta elkarrekin topo egin ahal izateko leku aproposa” izan behar zuen eta okupazioa jotzen genuen lokala lortzeko tresnatzat. 1984ko otsailetik 1985eko abuzturaino iraun zuen Gaztetxe okupatuan hitzak praktikara eramateko modua izan genuen. Testuinguru horretan burutu zen 1985eko martxoaren 10eko tailaren boikota: ostirala 8an Floreagako zinema aretoan filma bota genuen, larunbatean kontzertua Gaztetxean eta igandean tailarena. Autoorganizazioa hori zen.

Horretxek ekarri zuen Udalaren erantzuna. Gaztetxea botatzearen erabakia tailaren boikotaren ondorio zuzena izan zen EAJk garbi zuelako Gaztetxearen eta soldadutzaren aurkako ekintzaren arteko lotura, gaur batzuk akordatzen ez badira ere. Ez dira akordatzen ezta Udalaren erabakiari aurre egiteko Udaletxean sartu ginela eta gose greban hasi ginela, handik ordu gutxira udaltzainen gas negar-eragileen oldarraldiarekin eta goardia zibilaren parte hartzearekin bukatu zena. Edo akaso akordatzen dira eta ez dute aipatzen. Ze, guzti horren ondoren, beste indar batzuen elkartasuna jasotzen ari ginela, Azkoitiko HBk agiri bat kaleratu zuen esanez “sistemari laguntzen dion jendea, drogekin trafikatzen dutenak…(eta abar, guztiok ulertzen gara)” zeudela gure artean.

1985eko maiatzean zen hori eta urte mordoxka pasatu da. Desberdintasun politikoak zurrumurruen atzean tapatzea ez zela bidezkoa izan publikoki onartzeko behar dena baino urte gehiago, seguru. Hori egiten ez duten bitartean, agiri haren sinatzaileen ondorengoen ahotik esker hitzak ez ditut ezertarako behar. Eta ez ditut onartzen.

Luis Olano Etxabe

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide