Diego Garciaren liburua dela eta, elkarrizketa Juan Mari Olaizolarekin

Maxixatzen.eus 2014ko ira. 3a, 10:13

Diegoren biografia

Uztailaren bukaeran argitaratu zuten Diego Garcia azkoitiar atleta apartari buruzko liburua. Argazki ugariz hornitua, Diegoren hurbileko jendeak eta kideek idatzitako testuek osatzen dute biografia, korrikalari arrakastatsuaren eta gizon alai jatorraren erakusgarri.

Liburuaren ingurukoak jorratzeko, Diegoren giharrak eta pentsamenduak ongi ezagutzen zituen Juan Mari Olaizola masajistarekin egin dugu hitz-jarduna.

Nola gauzatu da liburua argitaratzeko ideia?

-Aspaldian nenbilen Txetxu Urbieta kazetariarekin komentatzen ederra izango litzatekeela Diegoren lagunok haren izaera jasotzeko liburu bat egitea, haren nortasuna eta arrakastak hurrengo belaunaldiek ere ezagutu ditzaten. Aurten bete dira 20 urte Helsinkin Europako txapelketan zilarrezko domina lortu zuenetik, Martin Fiz eta Alberto Juzdado lagunak podiumean ezker-eskubi zituela. Egokiera ona zela iruditu zitzaigun, eta Diegoren familiak eta Santi Perez entrenatzaileak baiezkoa eman ondoren, lanari ekin genion.

Zein izan ziren hurrengo pausoak?

-Diegoren anaia Manuel, Txetxu Urbieta, Santi Perez eta ni neu elkartuta, diru iturriak lortzea zen lehenengo eginkizuna, eta horretarako Azkoitiko eta Azpeitiko udaletara jo genuen. Oso harrera ona egin ziguten, eta babesle pribatuetara joan ginen hurrena, bai enpresetara eta baita hainbat lagunengana ere. Erantzuna izugarria izan da liburua argitaratu bitartean. Aldi berean, liburuan jasotzeko testuak eta argazkiak biltzen joan gara, eta horretan ere esker onez hitz egin beharra dugu. Jendearen erantzun bikainak erakusten du, azken batean, Diego izandako pertsonaren neurria zenbaterainokoa zen.

Nola egituratu zenuten liburua?

-Etxe askotara zabaltzeko moduko liburua egitea izan zen hasierako asmoa. Herritar gehienek ez dute testu luzeak irakurtzeko ohiturarik, eta erraz leitzeko testuak osatu ditugu azkenean, nork bere hizkuntzan egindakoak. Bakoitzak bere erara, guztiok jarri dugu geure alea, eta tartean badira hainbat sentimendu eragiten dituzten pasarteak.Argazkiei dagokienean, berriz, irudi ugari dauzka liburuak, Diegoren bizitzako hainbat pasarte erakusten dituztenak.

Non eskura daiteke liburua?

-Azkoitian Elkargunean eta Plaza Berri kirol dendan eros daiteke 20 euroren truke. Bi mila ale argitaratu genituen, eta Diegori eskainitako web orrian ere eros daitezke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide