ANDRAMAIXETAKO TXUPINAZOA: ELKARRIZKETA HIRU ANTIMILITARISTAREKIN

Maxixatzen.eus 2014ko abu. 11a, 08:39

Antimilitaristen ikur bat

Talde Antimilitaristako kideek botako dute Andramaixetako txupinazoa, eta herriaren omenaldia jasoko dute, egindako lana eskertuz. Mugimendu antimilitaristaren ekimenez indar izugarria hartu zuen intsumisioak, eta horren eraginetako bat izan zen derrigorrezko soldaduska kentzea.

Aspaldiko kontua dirudien borroka emankor haren lekuko ditugu, besteak beste, Xabier Etxeberria, Luis Larrañaga Piztixe eta Eduardo Sudupe.

 

Militarismoaren aurkako borroka

Nola garatu zen mugimendu antimilitarista Azkoitian?

-Piztixe: Mugimendua Talde Antimilitaristaren inguruan sortu zen hemen, gehienbat behintzat.

-X. Etxeberria: Bai, bazen beharbada jendea pentsaera desberdina zuena, eta lotzen gintuena mugimendu antimilitarista baten partaide izatea zen, siglak albora utzita.

-E. Sudupe: Siglak bazeuden, eta eztabaidak, tertuliak, izaten ziren ezker abertzaleko jendearekin, herrian mugimendua hortik aparte kokatu bazen ere.

- P: Bai, garai hartan Jarraik dokumentu bat atera zigun, jolasean bezala genbiltzala adieraziz, bizkarra ondo babestuta izanik, gure borrokari garrantzia kendu nahian. Guk eman genion erantzuna, eta handik urte batzuetara intsumisioarekin bat egin zuten.

Zer urtetan gertatu zen hori guztia?

Desobedientzia zibila gauzatuz

-P.: 1984an soldaduskarako tailatzeko garaia genuen gure adineko mutilek, eta, Talde Antimilitaristaren inguruan antolatuta, Udaletxera joan ginen. Jendea pisatzeko baskula balkoitik bota genuen plazara, eta bertan apurtu zen. Ondoren, neurtzeko tramankulua eskaileretan behera botata txikitu zen. Beste herri batzuetan bezala, ez zen gehiago tailatzerik izan. Izan ere, Gipuzkoan eta Euskal Herri mailan bazegoen koordinazio bat. Ordutik aurrera, banan-banan deituko zutela esan zuten. Horrela hasi zen derrigorrezko soldaduskaren atzerakada nabarmena.

Nola egituratu zen ondorengo mugimendua?

-P.: Ni akordatzen naiz gure garaian Errenteriko jendearekin koordinatuta mugitzen ginela asko, eta eztabaida potente bat izan zen, intsumisioak armada profesionala ekartzeko aukeraren inguruan. Eta borrokan genbiltzan jendearen indargabetze edo desmobilizatze bat ekarri zezakeen horrek, gizarte antimilitarista lortzea bigarren mailan kokatzeko arriskuarekin, borroka horretan indarrak galduta. Denborak egiaztatu du 1984-85eko hausnarketa hark bete-betean asmatu zuela.

Derrigorrezko soldaduska desegin zuten

-E. S.: Orduan ireki zen joera bat soldaduskara joatekoa, gero desertatzeko, baina jarraipen txikia izan zuen. Bestalde, estatuaren dinamika gure erabakien aurka jotzekoa izan zen.

-P.: Bai, mugimendua zatitzea zuten helburu. Hasieran, jende kopurua txikia zenez, ez ginen arazo larria. Kopuruak benetan hazi zirenean, data bat zehaztu zuten, handik atzerakoak zigorgabetuz. Zaharren horiek ziren borrokalarienak, eta hurrengoei egurra ematea erabaki zuten, gerokoei beldurra sartzeko. Inolaz ere ez zuten espero hainbeste jende errepresioa jasateko prest izango zenik, eta horrek gaina hartu zien. Intsumisioak erakutsi zuen desobedientzia zibilaren bitartez jendea bere idealak defendatzeko azkeneraino iristeko prest baldin badago, ez dagoela horri aurre egingo dion armada edo estaturik. Niretzat zoragarria izan da horrek ematen duen indarrean eta kemenean sinestea.

-X. E.: Dena dela, mezu antimilitarista gizarteratzeari dagokionez, lor zitekeena lortu gabe gelditu zen, intsumisioak lortutakoaren ondoren; alde horretatik oso gutxi lortu zen. Intsumisioa hartu zen ildo nagusitzat, egingarria zen heinean, eta gainontzekoa bidean gelditu zen, indarrez hustuta.

Kakitzaten kartela

Bizipen horiek nola barneratu zenituzten bakarkakora ekarrita?

-E.S.: Hor bakarka erabaki beharraren plano pertsonala dago, eta gero mugimenduak ematen dizun babesa; ez zaude bakarrik.

-P: Nik hor nabarmenduko nuke Azkoitiko Talde Antimilitaristak bazituela urte dexente eta antolakuntza nahiko ona, koordinatua, eta horrek sostengua ematen zuen. Hortik pasa ginen hainbat aberasten joan ginen, geure burua janzten. Hortaz gain, zenbaitek, soldaduskara joateko eguna gainean izanda, ez zuen joan nahi. Hor bakoitzak bere ahaleginak egiten zituen. Ni akordatzen naiz baten batek aipatu zuela hurrengo astean joan behar zuela soldaduskara. Guk ezetz esan genion, adierazpena hartu genion, sinatu, geu joan ginen Gobernu zibilera adierazpena aurkeztera, eta justu zigorgabe geratutakoen artean sartu zen. Horrela, igo egin zen horrela zebilen jendearen partaidetza.

-E.S.: Hor une batean taldeak bulego bat antolatu zuen jendea informatzeko, eta libratzeko zer egin behar zuen jakin nahi zuen jendeak. Bide horrek ekar zitzakeen ondorio gogorrak aintzat hartuta, utzi egin genuen bulegoa.

-X. E.: Horrekin lotuta, zenbaki handiak lortzearen gaia irten zen, jende kontzientziatua ala ahalik eta kopururik handiena lortzea. Zenbaki handiak lortzeak berekin dakar tartean mugimenduaz ezer jakin nahi ez duen jendea sartzea ere.

Intsumisioaren alde

-E.S.: Espetxeak intsumisoz betetzeak pentsaera aldatu egin zion jendeari. Herrian gaizki ikusita zegoen mugimendua, arazoak zekartzan jendearena, egin eta bakea hobe zela, eta abar.

-P.: Soldaduska egiten ez zutenek, gizartearentzako zerbitzua egiten zuten, eta soldaduskan ez zen horrelakorik, ez zen ezer baliagarririk ikasten. Gizarteari zerbitzua emateko badira gaur egun beste mila modu.

-E.S.: Aipatu dugu intsumisioarena ikasgai bat izan zela, eta uste dut gaur egun horrek bizirik dirauela hainbat eratara, jendeak indar handia lor dezakeenaren sentimendu horrek.

Nola gauzatzen ziren Gobernu militarrean norbere buruaren entregak?

-P.: Gure garaian ez zen entregarik izan. Niri Leonera tokatu zitzaidan soldaduska, eta guk Gobernu zibilera joan eta gure ukoa adierazi genuen han, sinatuta.

-E.S.: Bai, gero etorri ziren entregak. Akordatzen naiz, soldaduskari uko egin ondoren, joateko deialdia jasota, Gobernu militarrera joaten ginela geure burua entregatzera. Bilatze eta atxilotze egoeran geundela ere, herriko epaitegian sinatu beharra genuen, eta horri ere aurre egin genion, joateari uko eginez. Hori zen dinamika.

Dortoka intsumisoa

-X. E.: Bukaeran, entregak beraiek baino gehiago, uko egite bakoitzarekin ekintzak egiten genituen, bilatze eta atxilotze egoeran geundela aldarrikatzeko, lantegi batean gure burua kateatuz, Loiolako koartelera sartzen saiatuz, eta beste hainbat. 1993 urte inguruan hasitako epaiketen ondorioz, bilatze-atxilotzean zegoen jendea espetxeratu egiten zuten Nafarroan, eta hemen, berriz, epaiketak beranduago izan zirenez, atxilotu eta laster askatzen gintuzten.

Gero, Xabierri espetxera joatea tokatu zitzaion. Nola bizi izan zenuten hori?

-X. E.: Hemen gutxi izan ginen, hiru bakarrik. Nafarroan asko izan ziren.

-P.: Bilbon Luis Artola azkoitiarra ere egon zen barruan.

-X. E.: Bai, gurekin batera, hari ere urtebeteko espetxealdia egokitu zitzaion. Bizkaian ere hemen baino gehiago izan ziren.

Omenaldia dela eta, borroka baketsu hartatik zer balio nahiko zenukete transmititu?

Agintaritza aldetik bada hor joera bat sinestarazteko borrokarekin ez dagoela ezer lortzerik. Intsumisioak erakutsi zuen legeak zuzenak ez badira, eskubide osoa daukagula horien aurka jotzeko. Jendea horretan benetan sinestera iristen baldin bada, ez dago horri aurre egingo dion erakunderik.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide