UDAL GOBERNUA ZINEGOTZIEN LANSARIEI BURUZKOAK AZALDUZ

Maxixatzen.eus 2014ko abu. 8a, 08:21

Udaleko lansariak

Gaurko Urola Kostako Hitzan irakurri dugunez, atzo Udal gobernuak azaldu zuen zinegotzien soldatetan izandako igoerak bakoitzaren dedikazio errealari dagozkiola, Azkoitiko EAJk Bidea Eginez aldizkariaren 10. zenbakian egindako salaketei erantzunez.

Aurreko agintaldiko EAJren udal gobernuak soldatetarako urtean 235.581 euro erabiltzen zituen, eta oraingoak 119.921 euro erabiltzen dituenez, agintaldi osoan eta gizarte segurantza barne 504.178,20 euro ari dira aurrezten lansarietan. Hau da, EAJren udal gobernuak urtean 235.581 euro erabiltzen zituen soldatetarako, eta Bildurenak 119.921 euro.

Urrategi Alberdik 16.363 euroko ordainsaria zuen alkate izan aurretik, egun erdiko liberazioarekin Ogasun, finantza, barne antolaketa, langileria eta kontratazio batzordeburu eta Aniztasun eta migrazio arloko zinegotzi delegatu lanetan. Kargu bereko lehengo zinegotziek, Josu Bastidak eta Miguel Reimundezek, 116.951 euro irabazten zituzten guztira. Alkate izendatu dutenetik, dedikazio osoa du orain Alberdik, «bidezkoa eta beharrezkoa» delako.

Esther Lizarralde «Alkateordea, Ongizate, berdintasun, hezkuntza eta parte hartzeko zinegotzi delegatua da, baina beste hamaika betebehar ere baditu: Mankomunitatea, Azkoitia Lantzen…». Dedikazio horri dagokio soldata igo izana. Aurreko alkateorde zen Iosu Bastidak baino, %37,12 gutxiago irabaziko ditu Lizarraldek lan beraiek eginez.

Inaxio Gorosabel Nekazaritza, ingurumen, obra eta zerbitzuetako zinegotzi delegatua da, eta egun erdiz zegoen liberatuta. Arduraldia liberaziokoa baino askoz handiagoa izanik, horren arabera %75era igo zaio arduraldia orain. Iosu Bastidak Ogasun, pertsonala, obrak eta kontratazio zinegotzi moduan hilean 4.491,29 euro irabazten zituen, eta Gorosabelek hilean 1.867 euro gordin irabaziko ditu.

Batzordeetan parte hartzeagatik liberatu gabeko zinegotziek jasotako dietetan EAJ udal gobernuak 32.357,55 euro gastatu zituen 2010ean, eta 2013an, berriz, Bildurekin 19.101,26 euro.

Hona hemen aurreko agintaldiko eta gaur eguneko udal karguen soldatak, Azkoitiko udal gobernuak  emandako datuen arabera:

2010. URTEA

Asier Aranbarri (alkatea). 69.866 euro

Iosu Bastida (zinegotzia). 62.878 euro

Kontxi Larrañaga (zinegotzia). 58.764 euro

Miguel Reimundez (zinegotzia). 44.073 euro

GUZTIRA. 235.581 euro

 

2014. URTEA

Urrategi Alberdi (alkatea, %100). 45.535 euro (%34,83 gutxiago).

Esther Lizarralde (zinegotzia, %100). 39.535 euro

Inaxio Gorosabel (zinegotzia, %75). 26.138 euro

Gaizka Larrañaga (zinegotzia). 8.713 euro

GUZTIRA. 119.921 euro (%50,90 gutxiago)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide