I. AZKOITIKO DUATLOI HERRIKOIA GAUR

Maxixatzen.eus 2014ko uzt. 18a, 06:20

Proba irekia

Gaur, hilak 18, arratsaldeko 19:00etan hasiko da I. Azkoitiko Duatloi Herrikoia, Azkoitiko Tritloi Elkarteak, Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkarteak, Anaitasuna Mendi Bazkunak eta Xeye eta Raka Maraton Atletismo taldeek antolatuta. Federatu gabeko hamasei urtetik gorako azkoitiar eta azpeitiar guztiek parte hartu ahal izango dute, ibilbide motz eta errazean.

Parte hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena, plazan bertan 17:00etatik 18:30era bitartean, asegurua egiteak balio duen 5 euroren truke. Helmugara iristen diren lehenengo hiru gizon eta emakumeek garaikurrak jasoko dituzte, eta kategoria bakoitzerako sariak ere izango dira.

Hemen inguruan dagoen zaletasun handiaz jabetuta antolatu dute proba, hain maila onik gabeko guztiei ere parte hartzeko aukera emateko. Erantzun ona espero dute antolatzaileek, eta hala bada, duatloi herrikoia antolatzen jarraitzeko asmoa badute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide