JUAN KARLOS MERINO: "URRESTILLA VICE"

Juan Karlos Merino 2014ko uzt. 14a, 08:11

 

Miami vice Urrestillan

Aspaldiko Miami Vice teleseriea zirudien; baina Urrestillan zen eta ni neu protagonista.

Labur azalduko dut. Ezagun batek kalean geldiarazi eta mesede berezi bat eskatu zidan. Ordubeteko kontua, asko jota; ez naiz bakarrik joaten ausartzen, eta ez dut konfiantzako beste inor ezagutzen, esan zidan. Gehiagorik ez zuen azaldu nahi izan. Ahotsean kinka larrian zegoela igarri nion, eta baietz esan nion geroago aipatuko dudanagatik.

Bere autoan sartu eta Azpeitirantz jo zuen. Huraxe besterik ez nuen egin behar: auto barruan egon. Gauza errazagorik! Minutu gutxi barru Urrestillan ginen; artega eta urduri sumatu nuen orduan. Musika itzali zuen; eta eskerrak emateko baino ez zuen isiltasuna urratu.

Halako batean, mendiko bide baten gora jo zuen, eta ohartu orduko baso hertsi barrenean gindoazen. Nora ote goaz? Asfaltoa bukatu eta kamino bat hartu zuen; hura antxu-bidea! Mantso zihoan bolantean, eta basoa gero eta estuagoa zen, gero eta ilunagoa. Bide-errebuelta beldurgarriak ziren; orain gora, gero behera, eta ni jakin-minak airean.

Hark itxura txarra zuen. Eta galdu ote ginen pentsatzen hasia nintzen autoa gelditu zuenean. Ingurura begiratu nuen eta han ez zegoen ezer. Ezer ere ez! Zer demontre egiten genuen han?

Hemen egon!, esan zidan. Autotik irten zen. Hamar metro aurrerago, lokatza zapaldu eta ez zen gehiago mugitu. Bost minutu igaro ziren horrela; hark niri bizkarra emanez; nik kilo bat pentsamendu ilun buruko ikuzgailuan argitu ezinik.

Seigarren minutuan, auto beltz bat azaldu zen baso iluneko kaminoko bihurgunetik. Bidea estuegia da gure ondotik pasatzeko, esan nuen nire artean. Orduan, auto beltza gelditu egin zen, nire pentsamendua aditu edo ni ikusi banindu bezala. Itxura txarra, bai horixe!, nire artean, berriz; oilagorrak ez dira hemendik pasatzen (ironiaren bitartez neure burua lasaitzen saiatzen naiz beti).

Lokatz gainetik jauzi egin eta autorantz abiatu zen, astiro. Auto gidariaren ate aurrealdera iristean burua makurtu eta leiho barrenera sartu zuen gorputz erdia. Ufa! Segundo gutxi barru niganantz zetorren. Arin-arin -ia antxintxika- eskuetan zekarren paketea bost hileko haurdunaldi bihurtu zuen txamarrako kremailera ixtean.

Auto beltza berehala desagertu zen, baso ilunean ageri zen bezala. Gu, atzerako martxa sartu, ahal bezala autoa biratu eta etorritako bidetik bueltatu ginen.

Azkoitira iritsi ginen txintik esateke. Autobus geltokian zapaldu zuen pedala eta eskerrik asko!, esanez, agurtu ninduen. Ahotsean, hagitz hunkituta zegoela igarri nion.

Zer pentsa eman zidan egun askotarako: ez da albistea, zaharrak berri baizik: langabezia, langileak kaleratzea, enplegu-erregulazioak, enpresa itxierak..., eguneroko kontuak Urolan. Eta CARITAS-en lokalean ikusia dudalako baino ez nion eman laguntza.

Etxea ez galtzeko eta, noski, bere seme-alabengatik edozer egiteko prest da gizona. Eta ez haiei etorkizun onik emate arren, orainaldi duin bat izateko baizik.

Zer esatea nahi duzu. Drogetan sartzea azkena da; Etikak eta nire balore moralek galarazten didate; hori egin baino, nahiago dut diru eske ibili eliza atarian, pote eta kartel batekin lurrean eserita.

Kontuz! Ez dut epailearena egin. Langabezia eta bere ajeak gehiegitxo ezagutzen ditut. Nitaz ari natzaizu, krisiari aurre egiteko norberaren aukeraz. Eta -hurrengoan nahiago dut telebistan ikusi- orain badakit Miami Vice ez dagoela gugandik oso urruti.

 

2014(e)ko uztailaren 8a

 

Juan Karlos Merino

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide