AITOR ARRUTI REZABAL: ADNANEN MAGIA

Aitor Arruti Rezabal 2014ko uzt. 9a, 09:26

Ur magikoa

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-27

Azpeitia, 2014ko uztailaren 5a

Gaztain koloreko begi ederrak ditu Adnanek, azal kolorea baino ilunxeagoak. Sei urteko mutiko ernea da, irribarre eta algara errazekoa, jolastia, erdi euskaraz, erdi gaztelaniaz hitz eginez jolaserako amorratzen beti. Gure semearekin jolasean dabilela amak balkoitik bazkaltzera deitzen dionean, atsekabetu egiten da, eta ez dela joango esaten du ahapeka, amak ez entzuteko moduan, begitartea ilunduta.

Jolasa eta lagunartea beste ezeren aurretik, bihotz handikoa da Adnan, eta prest egoten da baloia, goxokiak, eta baita hain maitea duen kartoizko kaxan gordetako untxi txiki herrena ere gurekin partekatzeko.

Arratsaldean, adin bereko bi mutikoek ogitarteko bana jan dute gaur txokolatearekin, eta ondoren, poltsikoetan dauzkaten sosak atera dituzte, eta Lasareneko gozotegira joan al daitezkeen galdetu didate, patxada ederrean egunkaria irakurtzen ari naizen bitartean. Daukatenarekin gozo askorik nekez erosiko dutela ikusita, beste hainbana txanpon eman dizkiet, eta pozak zoratzen abiatu dira lasterka.

Denbora askotxo pasa dute gaurkoan joan-etorria egiten, eta, luze iritzita egon ondoren, lasaitua hartu dut begiak piztuta nireganantz korrika ikusi ditudanean. Adnanek goxokiak erosi ditu, eta Unaik, aldiz, Karibeko piratak filmako kaxa bat. Bi irudi omen daude bertan, baina lehenengo uretara bota behar da barruko zorroan dagoena.

Horrela, bada, etxera igo naiz eta palankana txikia hartu dut. Plazara itzuli, eta hurbileneko iturrira joan gara festa batean, pozez gainezka hirurok. Palankana urez bete dugu lehenik, eta, haren inguruan jarrita, zorroa ireki eta barruan zegoena uretara bota dute mutikoek.

Zorroko hautsek urdin kolorea eman diote urari, eta burbuilaz betetako txipli-txapla harrigarria eragin dute uretan. Ke zuri pixka bat igo da ur azalera gero, eta, hura desagertzean, bi iruditxo agertu dira uretan etzanda: Jack Sparrow eta Ragetti. Begiak zabal-zabal eginda, ustekabean magiak eragiten duen irribarrea ezpainetan, irudi bana hartu dute mutikoek.

Euro bat kosta zaio Unairi kaxa koxkorra, baino bertako edukiak lagunartean eragin digun bizi pozak askoz ere gehiago balio izan du guretzat. Egia esan, Adnanekin jolasean ibiltzeak eragin du benetako magia guregan. Eta neure buruari esan diot, ondo egina dela gure bizitzetara magia ekartzeko dirua erabiltzea, dirua erakartzeko magia egiten ibili beharrean.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide