JON ANDONI MARTIN, "MUNDUA ORRATZAREN BEGIAN" ERAKUSKETAZ

Maxixatzen.eus 2014ko uzt. 11a, 06:06

Martinen argazki estenopeikoa

Argazki estenopeikoak ditu erakusgai asteburuan Torre Zurin Jon Andoni Martin argazkilariak Maxixatzenekin batera antolatu duen Mundua orratzaren begian erakusketan. Hona hemen egin diogun elkarrizketa: 

Nolatan hasi zinen argazkilaritza estenopeikoa lantzen?

ETBko Eguraldia saiora bidaltzen ditut argazkiak, eta argazkilaritza estenopeikoaren bitartez egindako argazki solarigrafikoei buruzko erreportaia bat ikusi nuen. Oso aspaldikoak dira bi teknika horiek, baina ni ez nintzen sekula horietan sakon murgildu. Telebistako saio hark eragin zidan interesarekin, urtebete daramat kontu horretan buru-belarri sartuta.

Zer dela eta nahi izan zenuen erakusketa Maxixatzenekin batera aurkeztea?

Lagunak dauzkat Maxixatzenen, haien Webarruen blogaria naiz, eta nahi nuen beraiekin zerbait egin. Izan ere, betiko komunikabideez gain, herriko euskara taldea bultzatzeko modua izan zitekeela iruditu zitzaidan, arrazoi polit baten bitartez.

Hasieratik egokia iruditu al zitzaizun Maxixatzenekoek argazkiak herriko sortzaileen testuekin lotzeko egindako proposamena?

Oso ideia ona iruditu zitzaidan, bai, eta, nire albumetan testuekin lotura izan zezaketen argazkiak aurkitzeaz gain, testuen edukia ezagutu ondoren ateratako argazkiren bat ere bada hor tartean.

Nola antolatu duzu erakusketa, zer euskarri erabiliko dituzue?

Argazkilaritzako erakusketa bat oso garestia izaten da, erabiltzen den materialagatik, eta merkeago egiteko zer egin eta nola egin pentsatzen hasi nintzen. Azkenean, batari zerbait eskatu, besteari beste zerbait, eta etxetresna elektrikoak biltzeko paleen zurarekin eta bi leiho zaharrekin markoak osatu, kartoia fondo bezala jarri, kristalik gabe gehienak, lokarriak eta kola erabilita osatuko dugu erakusketa, dena berrerabilitako materialarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide