ZABORRAREN AFERA: ZERO ZABORREKO IRATI LOPETEGI

Maxixatzen.eus 2014ko eka. 20a, 06:50

Irati Lopetegi

Zaborraren afera dela eta egin ditugun elkarrizketetan azkena da Zero Zabor taldeko Irati Lopetegiri egin dioguna.

1. Zergatik ez du funtzionatu orain arteko sistemak?

Hondakin birziklagarri guztiak (hondakinen %90) birziklatzeko aukera ematen duen sistema izan dugu Azkoitian. Era selektiboan bereiztu ahal izateko, edukiontzi horia, urdina berdea eta hain goraipatua izan den edukiontzi marroia edo 5. edukiontzia izan ditugu kaleetan, azken hau azken 7 urtetan. Baina gutxiengo batek jokatu du arduraz. Horren erakusle da hondakinen %90 birziklagarria izan arren %34a baino ez dugula gaika bereizi azken 15 urteetan.

Emaitza hauek, hainbat faktoreren ondorio dira. Alde batetik, udalak edo eragileok egindako kontzientziazio lanak ez direla nahikoak izan edo ez dutela jendearengana behar bezala iristea lortu pentsa genezake.

Bestalde, orain urtebete arteko politikari batzuen asmoa, egungo bilketa sistemarekin jarraitu eta erraustegia eraikitzea zela jakitea garrantzitsua da. Denok dakigu erraustegiak funtzionatzeko hondakinak beharrezkoak direla. Beraz, erraustegia egiteko asmoa bazegoen, agerian geratzen da birziklatzea ez zela helburua. Erraustegiko plana aurrera eraman zutenek bazekiten birziklatze maila igotzen bazen erraustegia jatekorik gabe geldituko zela eta interes hauek aurrera eramateko komunikabideek izan duten eragina ere azpimarratzekoa da.

Bukatzeko, Azkoitian dugun sistema, borondatearen esku dagoen sistema dela esan beharra dago. Zazpi urte luze izan ditugu jendearen “kontzientzia” (asko entzun den terminoa) noraino iristen den ikusteko eta 2014an %70eko birziklatze tasara heltzeko jendearen borondatearekin ez dela nahikoa ikusi da.

2. Zein dira sistema mistoaren onurak edota hutsuneak?

Azkoitian jarriko den sistema mistoaren onura, errefusa frakzioari ateak itxiko dizkiola da. Errefusa frakzioa modu “kontrolatu” batean bilduko baita. Herritarrak gauzak ondo egitera eta frakzio birziklagarrien edukiontziak (horia, berdea, marroia, pilak…) erabiltzera bultzatuko gaituen bilketa sistema da.

Orain arte ondo egin duenarentzat aldaketa handirik suposatuko ez duen sistema da; edukiontzi horia, urdina, beira, olioa, arropa eta pilena orain arte bezala kalean izango ditugu eta gure hondakinen zatirik txikiena (%10 inguru) denaren frakzioa baino ez da jasoko atez ate.

Bestalde atez ate biltzeak dakarren abantaila garrantzitsuena gertutasuna eta honekin batera erosotasuna dela esan beharra dago. Hondakinak uzteko errepideak gurutzatu edo beste kaleren batera joan behar izaten dugu sarri. Bilketa sistema honekin etxetik gertu hondakinak uzteko aukera izango dugu.

Herritarren artean entzun ohi diren hainbat topikoren inguruan azalpen batzuk eman nahiko genituzke. Kasurik gehienetan komunikabideen errua izan da. Atez atekoaren kontrako kanpaina gogorra egiten ari dira zenbait komunikabide azken hilabeteetan eta herritarrengan eragina dute.

Asko esaten den usainaren arrazoiak ez du zentzurik Azkoitian egingo den bilketarekin. Errefusa atala hautsa, puskatutako basoren bat, orrazia… material ustelkorrak ez direnez ez dute usainik ateratzen. Beraz, hainbat herritarren burutik hori kentzea nahiko genuke.

Bestalde, zintzilikarioekiko beldur mediatikoaren inguruan aipatu, zintzilikarioa bilketa sistemako oinarri fisiko bat baino ez dela. Atez ateko bilketa egiten duten herrialde askotan lurrean uzten dituzte hondakinak. Lurrean uztea baino txukunagoa da bakoitzak gantxo batean uztea.

Azkenik, bilketa sistema honek Europatik datorren legediarekin bat egin eta Azkoitia zero zabor norabidean jartzeko lehen urratsak egiten hastea ahalbidetuko du. Gipuzkoako hainbat herri dagoeneko norabide horretan doaz eta Urola Erdiko herri gehienak ere bai.

Hutsuneei dagokionez, aurrez aipatu ditugun azalpenak ulertzen ez dituzten herritarren jokaerak sor ditzaketen gora beherak daude. Frakzio bakoitza bere lekura ez botatzea alegia. Herritarren gehiengoaren lana zapuztu dezake gutxieneko batzuen arduragabekeriak.

Zero Zabor taldea saiatuko da ahal duen herritar guztiengana iritsi eta beharrezkoa den informazioa emateaz gain herritarren kezkak argitzen.

3. Zer proposatzen duzue % 70eko birziklatze tasa lortzeko?

Gure taldearen ustez, birziklatze tasa hoberenak lortzeko frakzio guztiak atez ate biltzea da egokiena. Hainbat herrialdeetako esperientziek horrela erakusten dute (Canada, San Frantzisko, Italia…). Frakzioak atez ate bilduz herritarrak ondo egitera behartuak daude (legeak dioen eran). Eta orain arte ondo egiten dutenei erraztasunak ematen dizkio.

Usurbilek bakarrik, 5. edukiontzia zuten herri guztiak batera baino hondakin organiko gehiago bildu izan du Atez Atekoari esker. Emaitza are eta ikusgarriagoa da Usurbilen 6.000 biztanle bizi direla kontuan hartzen badugu eta beste sei herrien artean 88.000 biztanle dituztela

Hainbat herritan 6 hilabetean egindako ikerketan hondakinen bereizte tasak aztertu dira. Urte hasieratik ikus dezakegu herri gehienak %30en bueltan dabiltzala, baina badago herri bat, urtea %80tik gorako emaitzekin hasi duena. Herri hori Usurbil da. Usurbil 2009ko martxoaren 16an hasi zen hondakinak Atez Ate biltzen.

Badira bi herri, apiriletik maitzera egundoko igoera daukatenak. Bi herri hoiek Hernani eta Oiartzun dira. Hain zuzen bi herri hoiek 2010eko maiatzean hasi ziren Atez Ateko bilketa egiten. Atez Atekoak gaikako bilketan daukan eragin itzela ikusteko beste aukera bat izan dugu honen bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide