JUAN KARLOS MERINO: "MOHAMED"

Maitasun gutuna

M O H A M E D

 Usurbilen, 2014ko maiatzaren 31n.

   Ene maitea!

Zer tuntuna naizen! Zer dela eta kezkatzen naizen? Badakit garrantzi gutxiko ebakuntza dela. Badakit bihar edo etzi alta emango dizutela. Badakit laster etxean egongo zarela. Eta hala eta guztiz ere, triste eta goibel ibili naiz azken egun hauetan.

Bi egun iragan dira zu gabe, eta dagoeneko beste pertsona bat ematen dut. Apenas egin dut lorik, eta gaizki jan dut. Izan ere, zure alaitasuna eta laguntza nire arnasaren pare dira.

Etxea hutsik eta hotza iruditu zait. Atzo, esaterako, hutsune ikaragarria sentitu nuen ohean. Iluntasunean ikusten nituen zure begiak; izaretan aditzen nuen zure usaina; nire gorputzean zure mihi beroa… Uf! Pentsatze hutsarekin urtzen naiz berriz.

Eta gaur goizean negar egin dut, maitea. Zein tuntuna naizen! Dutxatu naizenean, gogora etorri zait elkarrekin hartu genuen azken bainua. Zein zoriontsu sartu zinen nirekin uretara!

Zu gabe jada ezin dut imajinatu bizitza. Baina dena ez da txarra izan. Lagun berri bat egin dut, maitea. Gelatik, zu bisitatzetik, irten eta gero klinikako dendan sartu naiz. Zure gustuko galletak erosi nahi nituen eta biok batera hartu dugu galleta-kutxa bera. Elkarri begira geratu gara une batez, eta segidan galdetu dit zure izena. Konturatu orduko, zutaz ari nintzen etengabe. Oso jatorra iruditu zait. Dendatik irten eta kafe bat hartzera gonbidatu dut.

Kafea hartzen azaldu diot nola ezagutu genuen elkar, nola hurbildu zinen nigana Marokon, oporretan nengoela. Azaldu diot nola maitemindu nintzen; nola egin nituen paperak nirekin Gipuzkoara ekartzeko. Eta oso polita iruditu zaio gurea.

Baina oro ez da urre. Gure familiak zure kontra egin du. Hezigabea, desatsegina, zikina omen zara. Edozer lagatzen duzu edonon, eta bainua ilez josita dago beti. Jakingo balute zer egiten dugun ohean, akabo!

Bizilagunekin izandako arazoak ere ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Hirugarreneko Puri marisorgin hori da gaiztoena. Ze nazka-aurpegia jartzen duen gu ikustean! Hori guztia kontatu diot Aneri, horixe baita bere izena. Animoak eman dizkit, eta beste egun baterako geratzea proposatu dit, ezagutu nahi zaitu eta.

Hara Mohamed! Nik espero baino arinago izan da. Deitu berri didate. Ebakuntza biribil joan da. Eguerdian alta emango dizute. Hau poza! Oraintxe noa. Klinika-gastuak ordaintzeko 300 euroko txekea bete, autoa hartu eta hor naiz.

Zu ikusteko irrikan nago. Laguna zakurrentzako klinikatik irten eta etxerako bidean okela samurra erosiko dizut. Telebista aurrean bazkalduko dugu gero, eta nik gutun hau leituko dizut zure begiak okelarekin nola pizten diren ikusi bitartean.

Gero arte, maitea.

 

Olatz Garmendia.

Juan Karlos Merino

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide