AITOR ARRUTI: DORREKO ERLOJUA ETA MOBILA

Aitor Arruti Rezabal 2014ko mai. 23a, 10:38

Urrestillako dorreko erlojua

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-24

Urrestilla, 2014ko maiatzaren 22a

 Hamabost urterekin hasi nintzen elizako dorreko erlojuaren orduak zaintzen. Ordura arte, Xanti laguna igotzen zen dorrera astean behin erlojuaren bi pisuak igotzera, haiek baitziren erlojuaren ibilia bulkatzen zutenak. Ordutik aurrera, hamabost urtez aritu nintzen ni, hutsik egin gabe, haiek igotzen eta zaintzen.

Astebeteko bidea egiten dute Urrestillan elizako dorreko erlojuaren bi pisuek erlojutik dorrearen hondora bitartean, korurako eskailerak hasten diren harrizko zoruraino. Gehienetan bakarrik joaten nintzen zapatu bazkalondoan, asterokoa lana egitera: elizako atea ireki, barrutik badaezpada trangerarekin itxi, eliza zeharkatu, dorrera joateko atea ireki, eskailerak binan-binan igo, koruraino harrizkoak, zurezkoak handik gora, bihotz-taupadak bizituta dorre gainera iritsi, erlojuaren etxolako maratilari eraginez atea ireki, burdinazko biradera ezkerrean kokatutako pisu handiaren piezan sartu, pisua igo arte biraka luzaz eragin, atseden pixka bat hartu, erlojuaren ate aurreko leihotik  herrira begira, biradera pisu txikiaren eskubiko piezan sartu, pisua igo, hura azkarrago, biradera piezatik atera eta bere lekuan utzi, erlojuaren etxolako maratilarekin atea itxi, eskailerak bixi-bixi jaitsi, dorreko atea itxi, eliza iluna zeharkatu, ateko trangera bere lekura itzuliz hura ireki, atea itxi, eta gainontzeko eginkizunetara.

Une horietan guztietan, neurea zen Urrestillako denbora ofizialaren ardura. Inork ez zidan ezer aipatzen ondo zebilenean, baina okerren bat zuen bakoitzean, laster hasten zen jendea demandan. Hasieran, urteko hainbesteko diru kopuru urri bat eman zidan apaizak, pare bat aldiz edo. Hor bukatu ziren nire borondatezko lanaren soldata apurrak. Nolanahi ere, esan zitekeen nire kargu zegoela gure herriko denboraren erritmoa, orduek eta minutuek markatzen zuten gure eguneroko ibiliaren taupatekoa.

Hamabost urteren ostean, etxepeko Mikeli proposatu nion lanaren ardura bere gain hartzea, eta onartu egin zuen. Harrez gero, beste era batera barneratu izan dut arian-arian denboraren joana, eta gaur egun ez dut eskumuturreko erlojurik ere erabiltzen ja. Orain mobila erabiltzen dugu hainbat eginkizunetarako, behar ditugunetarako eta behar omen ditugunetarako, eta baita zer ordu den jakiteko ere.

Joan den Aste Santuko oporraldian, ordea, hondatu egin zitzaidan mugikorra, opor-lekura irten baino ordu pare bat lehenago. Ordutik aurrera, bost egunez ez nuen izan ordurik, deirik, mezurik, internetik, argazkirik, bideorik,  eta abarrik.

Nire denboraren jabe izan nintzen bost egunez, ez erabat, baina bai horretaz guztiz konturatuta. Ez nuen ezeren beharrik sumatu, etxekoak eta lagun onak nituen inguruan, aparteko eginkizunik ere ez genuen izan, estutasunik gabe, gure denboraz gozatzea baino ez, geure barruak markatutako arnasaren taupadan.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide