JUAN KARLOS MERINO: ORBANEKOAK

Juan Karlos Merino 2014ko mai. 21a, 06:04

Orbana paretan

 

Gogoan dut nire zazpigarren urtebetetzeko aste hartan bebarruko pareta batean azaldu zen orban hura. Tuberia bat pitzatu zen eta urak bebarruraino egin zuen bidea. Matxura konpondu zenetik denbora gutxira azaldu zen hezetasuna. Goiz hartan, bizilaguna erosketak egitera kalera jaitsi zenean paretako orbanari so geratu zen, bertan semearen aurpegia ikustea iruditu zitzaion eta.

Jesusaren semea istripu batean zendua zen. Hargatik, beharbada, miraria iruditu zitzaion orban hura. Antxintxika igo zen etxera eta berehala jaitsi zen kandela bat eskuan. Muturra piztu eta zoruan ipini zuen, orbanaren azpian.

Horrela, egunero hasi ginen ikusten Jesusa bebarruan, paretari begira; eta guk horren arrazoirik jakin gabe, Abemaria bat otoitzen zuen, orban aitzinean belauniko. Gauza arraroak ikusiak genituen etxepekoan, baina hura…

Inor ez zitzaion hurbildu galdetzera. Egunon esanez agurtzen genuen, gizalegez, bizilagunaren gauzetan sartu gabe. Bizkitartean, hezetasunak pintura jaso zuen, eta, geroan jakin genuen bezala, azpitik zehatzago trazatu zen Jesusaren semaren aurpegia.

Kontua da pareta pintatzera etorri zirenean, nerbioak jota azaldu zela Jesusa. Orbana saneatzea eragotzi zien asegurukoei. Etxeko guztiak jaitsi ginen bebarrura, eskandaluzko oihu haiek entzunda. Jesusak Ikerren aurpegia zela esaten zuen, guk ezer ulertzen ez genuen muturrak jarri bitartean; behin eta berriz errepikatzen zigun orban hura Ikerren aurpegia zela, eta ez ziela pareta pintatzen lagako.

Harrezkero Orbanekoak ginen etxepekoak herrian.

 

Juan Karlos Merino

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide