AITOR ARRUTI: SOROSLEA ETA DENDARIA

Aitor Arruti Rezabal 2014ko mai. 11a, 04:34

Soroslea eta dendaria

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-23

Menorca, 2012ko uda

 

Gure mutil koxkorra erori egin da igerilekuan, eta urratua egin du belaunburuan. Igerilekua zaintzen aritzen den sorosle bat bada han, adinean aurrera doana, eta harengana jotzea erabaki dut. Ezertan hasi aurretik, gaztelaniaz adierazi diot umeak nekez ulertuko duela esaten dionetik ezer, euskaldunak garenez, ia ez duelako euskara ez den hizkuntzarik. Eskertu egin dit oharra sorosleak, Menorcakoa ez den hizkera moldez, baina adierazi dit ez zaiola ondo iruditzen espainiarrak izanda umetatik espainierarik ez jakitea.

Gai horri buruz dudan iritzia adeitasunez azaldu eta gero, nongotarra den galdetu diot, hizkera ezberdina darabilela argudiatuta. Umearen zauria goxo eta taxuz artatzen duen bitartean, Perukoa dela esan digu. Han kitxua da askoren lehen hizkuntza, etxetik jasoa, baina azpimarratu digu perutar guztien hizkuntza espainiera dela.

Gure zauritu txikia egoki sendatuta, betebeharreko idatzi bat luzatu dit, gorde beharreko sendatze-agiriren bat edo izango dena. Berehala hasi naiz betetzen, eta herrialdeari dagokion laukia hutsik utzi dut, jolas pixka bat egitea erabakita. Sorosle artatsua horretaz jabetu denean, behatzez hura seinalatu eta, ia aginduko tonuan, “somos españoles” esan dit. Nire amuari nola kosk egin dion jabetuta, gozo idatzi dut España, neure buruari benetan balio duena barrukoa dela gogorarazi nahian, ez agerikoa.

Biharamunean, denda batean sartu gara arratsaldez. Arratsalde onak opa dizkiot gaztelaniaz dendari gazteari, eta katalanez bona tarda esaten ote den galdetu diot gero, erne zaidan zalantza argitzeko asmoz. Irribarrez, Menorcan bonas tardas esaten dela adierazi dit.

Une horretantxe, gure txikiak zerbait adierazi dit euskaraz, eta nik ere halaxe erantzun diot. Dendariari euskaldunak garela esan diot, eta geureari eusteko esan dit berak, bakoitzak bere ondareari eustea dela guztiontzat onena begiradarekin baieztatuz.

Berehala etorri zait gogora bezperan gertatutakoa, bi gertakarietan hizkuntza izan zelako hizpide, seguru asko.

Orduan, bi galdera egin dizkiot neure buruari:

Ez ote da paradoxikoa kanpotarrek kolonizatu ondoren, behartuta ikasitako hizkuntza, zapaltzaileekin berdintzen duena, goraipatzen duenaren jokabidea?

Ez al da paradoxikoa, bestalde, kanpoko turisten dirutik bizi denak etxekoaren aberastasuna gorestea?

 

 Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide