JUAN KARLOS MERINO: "LITERATURA ETA EROTISMOA" HITZALDIA

Maxixatzen.eus 2014ko mai. 9a, 06:36

Hitzaldia ostiralean

Webarru honetako blogari dugun Juan Karlos Merinok hitzaldia emango du gaur Elkargunean, Mintzalagun ekimenaren baitan, 19:00etan. Hona hemen horren inguruko elkarrizketa:

 Zein eratara gauzatu da ostiraleko hitzaldia emateko proposamena?

Duela urtebete inguru gauzatu zen. AEK-ren egunean Elgoibarren ospatu zen bazkarian izan nintzen, eta ez dakit nola, gaia atera eta nik gai horretaz hitzalditxoa proposatu nuen.

 Nolakoa izango da hitzaldiaren garapena? Zein da zure asmoa?

Ez dut txaparik gogoko eta Power Point bat landu dut hitzaldirako. Hau da, ez da Katedra-hitzaldia, zerbait erakargarria eta entretenigarria baizik. Power Point-eko diapositiba bakoitzean testu edo azalpen txikia eta uneko kontzeptuari lotutako argazkia dago. Testuak argazkiarekin uztartzeak lana eman dit, baina diapositibak oso ikusgarri geratu direlakoan nago. Argazki batzuk, esaterako, oso beroak dira, eta horregatik, hitzaldi hasieran abisatu egingo dut horretaz; hartara, inor minduta sentitzen bada lasai asko irten daiteke aretotik.

Hitzaldiak hiru atal nagusi ditu. Lehenengoan, jendeari galdera batzuk luzatuko dizkiot; duda eta zalantza batzuk argitzeko asmoz, eta, bide batez, hitzaldia interaktiboa izateko asmoz. Bigarrenean, Literatura erotikoan sartuko naiz. Genero erotikoaren ezaugarri eta betekizunak azalduko ditut. Hirugarrenean, zer irakurri proposatuko dut, euskaraz eta gaztelaniaz.

Askotan jorratu izan dituzu gai erotikoak zure ibilbide literarioan. Ildo horretatik jarraitzen al duzu orain ere?

Momentuz ez. Beste lan batzuetan sartuta nago, eta oso poliki ari naiz. Halarik ere, batzuetan ideiak etortzen zaizkit, eta, noski, idazteko gogoa ere bai.

 Beti ondo ezkontzen diren osagaiak al dira literatura eta erotismoa?

Galdera ona. Ene ustez bai, oso. Idazle batzuek diote erotismorik gabe ez legokeela literaturarik, eta liburu oro, edozein generokoa izanda ere, da berez eta oinarriz erotikoa. Izan ere, gizakiak gara eta bizi garen bitartean erotismoa da gure bizitzaren parte handi bat, horretaz ohartu ala ez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide