AZKOITIA LANTZENEKO KONTUEN EMAITZA POSITIBOAK

Maxixatzen.eus 2014ko mai. 5a, 16:23

Azkoitia Lantzen

2003az geroztik lehen aldiz, Azkoitia Lantzen sozietate publikoaren kontuek emaitza positiboa izan dute, 2013a 15.556,86€ ko irabaziarekin amaituz. Sozietatearen egoera erreala ezagututa, bideragarritasun planari ekin zitzaion, eta Udala pausoka ari da lanean.

2009az geroztik, Azkoitia Lantzenek 1.000.000 euroko zorra zuen UISA Urola Industrialdea S.A.rekin, Oñartxo eta Eginoberriko elektrizitate linea desbidatzeagatik, eta zor hori likidatzeko akordioa sinatu dute orain. Lur eremu bat saldu dio Azkoitia Lantzenek UISAri, eta trukean, Azkoitia Lantzenek UISAkin zuen zorra konpentsatu du. Horren soberakinarekin eratutako primarekin, atzera berriz partzela hori erosteko lehentasunezko aukera bat izango du Udalak.

Bestalde, gardenago agertzen dira orain kontuak, eta, besteak beste, 2010eko kontuetan egindako zuzenketa garrantzitsuak jaso dira (2010eko kontuetan -2.245.818 euroko zuzenketa egin zen). Ondarearen balorazio gaurkotua ere jasotzen dute kontuek (2012an egindako tasazioen ondorioz); eta horrekin batera sozietateak Udalarekin zituen konpromiso, betebehar eta eskubideak garbitu, zenbatu eta ordenean jarri dira eta kontuetara eraman dituzte.

Hala ere, Azkoitia Lantzenek 3.548.674,86€ko maniobra fondo negatiboa du, pasibo korrientea aktibo korrientea baino handiagoa dela, alegia. Aurreko urteko kontuetan sartutako zuzenketen ondorioz agertu ziren galera horiek. Dene dela, funts hori ere 178.000€tan jaitsi da aurreko ekitalditik.

Azkoitia Lantzenen orain arte izan den egoera kontuan hartuta, lorpen handiak  direla uste du Udalak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide