Azkoitia, lehen udalerria Gipuzkoan opendata sistema ezartzen

Maxixatzen.eus 2014ko api. 14a, 08:12

Udala eta Elkarmedia

Azkoitiko Udalak, Gobernu Irekia filosofia politikoaren baitan, administrazioan herritarren parte­hartzea eta elkarlana bultzatzeko hainbat baliabide eta lan prozedura jarri zituen martxan 2012an.

Hari berean, beste urrats bat egin du orain Open Data gunearekin, parte­hartzea eta elkarlanari gardentasuna eransteko asmoz. Open Data herritarrek informazioa eta datuak eskura izateko munduan gero eta indar handiagoa hartzen ari den ekimena da.

Oinarrian Administrazioko datu publikoak modu estandar eta berrerabilgarrian argitaratzea dago, administrazioen gardentasunean eraginez eta datuok berrerabiltzea bultzatuz. Norbanako eta enpresek edozein unetan eta edozein tokitatik izango dituzte eskuragarri datu horiek.

Open data proiektua lantzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza izan du Udalak, eta Elkarmediarekin ari dira proiektua garatzen.

Udalak herritarrentzat baina herritarrekin garatu nahi du Open Data proiektua bera ere, arrakasta elkarlanetik etorriko dela ulertzen baitu. Hori dela eta, herritarren parte hartzea bultzatzeko askatu beharreko datuen eskaera eta proposamenak egiteko atala jarri du interes hori dutenen eskura eta, bestetik, datuok berrerabiltzera animatu nahi ditu norbanako eta enpresak datuok oinarri dituzten zerbitzu edo produktuentzako erakusleihoaren bitartez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide