JUAN KARLOS MERINO: AGUR KUTXA!

Juan Karlos Merino 2014ko api. 14a, 07:22

Lukurreria

 

1431 urtean lan sozial eta ongintzazko bat onartu zuen Aita Santu Eugenio IVak. Urrezko 11.500 txanponeko ekarpenaz hasi zen penintsulan egungo Aurrezki Kutxen aurreko historia. Ekarpen hori Briviescako, Villadiegoko eta Herrera de Pisuergako elizetan esleitu zen, eta nekazariei laguntzeko eratu zen, judu bankarien lukurreria saihesteko asmoz.

Garai hartan kristauek bekatu larritzat zuten lukurreria. Egun, ordea, maiteago dute arrainek ura baino. Izan ere, lukurreria da, dudarik gabe, egungo Finantza sistemaren krisiaren sustraia. Gure artean, mundu osoan bezala, Finantza Sistemak herritarrak espoliatu ditu eta orain euren diruaz jabetu nahian dihardu. Zehazkiago esanda, herritar xumeak laguntzeko dugun Kutxa Kutxabank bihurtu da eta kapital pribatuen esku lagatzeko bideak ematen ari dira, hots, pribatizatzen ari dira. Hori lortzen bada, Kutxabank esku pribatuetan geratuko da, eta guztion dirua haien mesedetan erabiliko da.

Ez gaitezen engaina!, herritarren diru eta ondasunak pribatizatzeak herritarren diru eta ondasun horien harrapaketa ekarriko du. Eta Demokrazia ez dator bat finantza oligarkiarekin. Agur KUTXAri!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide