AUTODEFENTSA FEMINISTA TAILERRA: ELKARRIZKETA MAITENA MONROYREKIN

Maxixatzen.eus 2014ko mar. 24a, 06:17

Tailerra zapatuan

 

Martxoaren 8aren inguruko ekitaldietako bat izango da datorren zapatuan Maitena Monroyk emango duen Autodefentsa Feminista tailerra.

Bi txandatan izango da tailerra: goizeko 10:30ean hasiko da bata, eta arratsaldeko 15:30ean bestea.

Elkarrizketa egin diogu Maitena Monroy berari, tailerraren nondik norakoez jabetzeko.

-Zer autodefentsa mota eskainiko duzu Azkoitiko tailerrean?  

Gogoeta eta jabetze pertsonal eta kolektiboko ariketa bat da. Bertan ikasiko dugu indarkeria sexistaren formatu guztiak identifikatzen eta indarkeria eragiten duen egiturazko desberdintasuna betikotzen duten elementu kulturalak, politikoak, ekonomikoak eta abar, emakume guztiak generikoki kontrolatzeko balio dutenak. Emakumeoi indarkeriari beldurra/izua izaten erakusten zaigu, emakumeon jokabidea kontrolatu ahal izateko. Horrela, bakarrik ezin gaitezkeela ibili barneratzen zaigu, espazioei, portaerei eta abarri uko egin behar diegula, indarkeria horren biktima ez izateko. Sexismoaren estrategia zaharrak eta berriak analizatuko ditugu, hala nola, maitasun erromantikoaren ideala, desberdintasunaren mapa emozionalak eraikitzeko balio dutenak. Horretaz gain, indarkeria materialeko egoera konkretuen aurrean nola jokatu jakiteko alderdi fisiko/psikologikoa ere garatuko dugu.

-Nolakoa izaten da erasotzailearen profila?

Ez dago erasotzailearen profilik, ez ohiko tratu txarretan, ez eta indarkeria sexualean ere. Nabarmendu egin behar ditugu, ez egile materialak bakarrik, baizik eta aurreiritzi eta praktika sexistekin sexismoak jarraitzea bideratzen duten pertsona guztiak. Horiek guztiak bat datoz misoginian eta emakumeen eskubideekiko mespretxuan, haien ordez erabakitzeko eskubidea dutela sinetsita. Horren adibide dira erasotzaileek edo konplize ideologikoek behin eta berriz erabilitako esaldiak: "behar duzuna bakarrik emango dizut", "zure onagatik egiten dut, ikas dezazun", "nik ez nuen egin nahi, zeuk behartu ninduzun", "ez da harritzekoa gizonen bat erotu eta emaztea hiltzea, gaur egun legeek emakumeak bakarrik babesten dituzte eta", "gaur egun neska gazteak dabiltzan bezala ibilita, ez naiz harritzen bortxatzen badituzte".

-Zer indartu behar izaten da gehiago, arlo fisikoa ala psikologikoa? Zergatik?

Alderdi psikologikoa landu eta azpimarratu behar dugu gehiago, baina batik bat egiturazko alderdiak, gizarte mailan, desberdintasuna gure iruditeria kolektibotik eta gure gizarte eskematik erauzteko. Gaur egun, herrialde gehienetan garatzen ari dena laguntza hutseko lana da, indarkeria kasuak modu puntualean, zirkunstantzialean, hartuz, egoerak konponduz, baina eszenario sexistari erreparatu gabe. Horrek ez du indarkeria sexista legezkotzen, baina askotan justifikatu egiten du, biktimaren jokaerari leporatuz, janzkerari eta abar. Edo bestela, gizonen kontrolatu ezinagatik justifikatzen du.

-Badira urte batzuk lan honetan hasi zinela. Ordutik hona, oro har, emakumeen egoera hoberantz joan da ala ez?

Zalantzarik gabekoa da proposamen feministaren arrakasta. Eragina lortu dugu, eta harremanetarako moduak eraldatu ditugu batik bat. Zaila da garai honetan norbaitek, orain hamarkada batzuk bezala, defendatzea emakumeek senarraren baimenik gabe lanik egin ezina, edo ikasteko gaitasun arrazionalik ez izatea eta beste antzeko asko. Hala ere, giza eskubideak finkatzeko prozesuak beti dituzte aurrera eta atzerako uneak. Gaur egunean, mundu osoan sendotutzat ematen ziren eskubideak kentzeko eta galtzeko prozesua bizi dugu. Abortuaren erreforma dugu horren adibide. Erne egon behar dugu orain arte gureganatu ditugun aurrerapauso horietan atzera egitea bakarrik desio duten eraso atzerakoi horien aurrean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide