AITOR ARRUTI: METROKO BIDAIARIA

Aitor Arruti Rezabal 2014ko mar. 19a, 10:52

Metroko bidaiaria

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-21

Bartzelona, 2014ko martxoak 16

Metroan goaz igande goizez, zutik, jartzeko lekurik ez daukagu eta.

Geltoki batean, adin handiko bikote bat sartu da bagoian. Neke handiz dabiltza biak, makulua lagun hartuta emakumea, bastoian bermatuta gizona. Eserita dauden lekutik jaiki dira bi neska gazte, eta jarlekua utzi diete. Pozik asko eseri dira biak ere, esker onez, eta onik joan dira, euren geltokira iristear direla ohartu diren arte.

Une horretan, gizona jaiki da aurrena, eta zer aldetako atea zabalduko den galdetu du. Eskuinaldekoa zabalduko dela erantzun dio irteteko zain dagoen emakume batek. Bien bitartean, jaiki ezinik gelditu da haren bikotekidea. Ahalegindu arren, ezin du altxa. Nire emaztea eta biok joan gatzaizkio laguntzera, eta atera hurbiltzen lagundu diot. Eskerrak eman dizkigu, eta, ateak ireki direnean, emakumeak, emazteari begiratuta, honako hau esan dit: “Zaindu ezazu ondo!”. Barre egin dugu lasai orduan.

Ondoren, esan didanaren inguruko galderak otu zaizkigu:

Nolako bizitza izan ote du emakume horrek?

Emakume bezala garai txarrak bizitakoa ote da?

Berak bizitakoak baino garai okerragoak datozela iruditzen al zaio?

Laguntzeko jokabide onberen atzean tratu txar emaileak identifikatzea egokitu al zaio inoiz?

Metroan goazela, aurrera al goaz metroz metro ala atzeraka?

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide