DIEGO GARCIAK LINO ALDALURREN ERREKORRA HAUTSI ZUENEKOA

Maxixatzen.eus 2014ko mar. 19a, 12:07

Lino Aldalur, Diego Garcia eta J.M. Beristain

Datorren zapatuan izango da XXI. Diego Garciaren omenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.

Horrekin lotuta, orain gutxi jakin dugu Diego Garcia zena eta Lino Aldalur Pikuaren arteko gertakari polit baten berri. Lino zen Azkoititik Azpeitira joan-etorriko errekorraren jabe, eta Diegok hautsi egin zuen, marka berria jarriz.

85 urte ditu gaur egun Lino Aldalurrek, eta elkarrizketa egiteko aukera izan dugu:

Zein zen zure errekorra Lino?

Lino Aldalur desafioan

Azkoititik (Matadeitik) Azpeitira (Arana auzora) joan-etorria 25 minutu eta 26 segundoan. Desafioa egin genuen 1949an: alde batetik, ni neu, eta beste aldetik, Joxe Arrieta Aitza eta Joxe Epelde Beltza-Ibagu.  Nik joan-etorria egin nuen, eta beraiek, bat joan egin zen, eta bestea etorri. Nik 25 minutu eta 26 segundoan egin nuen eta beraiek 25 eta 43 segundotan. Diegok, nonbait, udaletxeko artxibotatik jakin  zuen desafioaren berri, eta nirekin jarri zen harremanetan, errespetu osoz, errekorra hausteko asmoarekin.

Eta, hautsi al zuen errekorra?

Bai horixe! Akabo ba, gaur egungo entrenamenduekin eta zapatila horiekin! Gu alpargatekin ibiltzen ginen! Eta gainera gabez entrenatzen nuen. Garai hartan inor ez zen antxintxika ibiltzen, xelebre xamarra zen eta gainera praka motxetan! Goizean, lanera joan aurretik, Izarraitzera joaten nintzen. Mendian, Aranburu baserriko pinudi batean pista egin eta han entrenatze nuen. Izan ere, Azpeitiko zezen plazan, ordaindu egin behar zen, eta... Soka-dantzan ere ibiltzen nintzen...

Lino Aldalur "Pikua"

Zer jaten zenuen?

Aa, hor bai ondo! Lasterketetarako prestatzen nintzenean, egunero bi txuleta eta bi dozena arrautza gorringo, esnea edo ardoarekin!

Noiz hasi zinen antxintxika, Lino?

Ba, Andremaixetan kaskara jokoan ibiltzen ginen, eta han konturatu omen ziren azkar xamarra nintzela, eta hortik aurrera, ba, afizioa sartu zitzaidan! Gero, badakizu, garai hartan apustua batekin eta bestearekin, eta gustura ibiltzen nintzen, neure nerbio eta guzti!

Lino Aldalur gaur egun

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide