AITOR ARRUTI: GURE MUGAK

Aitor Arruti Rezabal 2014ko mar. 11a, 10:58

Robert Foss

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-20  gure mugak

 

 pauso asko eman beharko ditu umeak

heldutasunera daraman bidean aurrera

eta bidearen bukaerara hurbildu ahala

emozioen jakinduria berezkoa abandonatu egingo du

 

bideak mugak ditu ertzak bazterrak

bide izango bada eta ez belardi eremu itsaso

eta umeak mugak behar ditu heldu izango bada

 

 heriotza da bizi garenon muga ziur bakarra

jaiotzeak hiltzea zor zioen gure amak

eta zer eskolatan erakusten da hori gaur

 

 bost urte neuzkan aittitte agustinen hilotza ikusi nuenean

baserrian atondutako hil beilan gorpua ikusteak ez dit kalterik eragin

orduan hasiko nintzen jaiotzeak hiltzeari dion zorra ulertzen

 

 gure umeei hilberri den amama erakustea erabaki genuen

etxez kanpoko beilatokian hilotza ikusteak ez die kalterik eragin

orduan hasiko al ziren jaiotzeak hiltzeari dion zorra ulertzen

 

 heriotzaren muga non dagoen jakiteak kokatzen digu bizitza

latitudea altitudea ematen dizkigu geure burua gidatzeko

zerk merezi duen zer baztertu behar dugun erakusten digu heriotzak

 

 pauso asko eman beharko ditu helduak

bere heriotzara daraman bidean aurrera

eta bidearen bukaerara hurbildu ahala

umetako jakinduria beharko du bidea bukatu dela ulertzeko.

 

 

Aitor Arruti Rezabal

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide