UDANE JUARISTI : INDIA ART FAIR ETA BESTE KONTU BATZUK

Maxixatzen.eus 2014ko mar. 3a, 06:42

udatxo.com

Joan den hilean New Delhiko India Art Fair azokan Udane Juaristi artista azkoitiarraren zenbait obra izan ziren ikusgai.

Azokaren balorazioa eta beste kontu batzuk jorratu ditugu honako elkarrizketan:

-Nola joan da Gaudi galeriaren bitartez egin duzun New Delhirainoko bidea?

-Ba beraiek deitu zidaten, interneten ikusi zituztelako nire lanak. Neu horren bila joan gabe agertu zen aukera. Eta, galeriaren bitartez, New Delhira heldu dira nire lanak.

-Nolakoa izan da orain artean zure lanek izan duten harrera? Gustura zaude jasotako erantzunarekin?

-Bai noski. Lana irteten ari zait hemendik eta handik, eta hori seinale ona da. Harrera oso ona da, eta horrek ematen dit aurrera segitzeko indarra. Indian, ezer saldu ez bada ere, jendearen harrera on horrekin geratzen naiz.

-Azkenaldian argazkien gainean egindako margolan teknika erabili duzu gehienbat, transfer izenekoa. Nolatan aukeratu zenuen teknika hori? Horrekin jarraitzekotan zara?

-Bai. Nere lanaren ezaugarri nabarmena da teknika nahasketa. Ez dut betidanik erabili. Hasieran, pinturaz bakarrik moldatzen nintzen, baina teknika desberdinak ikasi nituen arte ederretan eta pixkanaka neure pertsonalitatea gehiago bilatu dut argazkia eta pintura nahastuz. Teknika nahasketak egin eta gauza berriak deskubrituz, gehiago disfrutatzen dut.

Bide honetatik segitu dut, baina beti aldatzen da zerbait. Koloreak, materiala, teknika....gaurko eta biharko lanak ez dira berdinak izango. Eta hori aberatsa da.

-Indiakoaren ondoren, zer proiektu darabilzu esku artean orain?

-Azkenaldian enkarguak egiten nabil, baina, aldi berean, lan berriak eginez eta, esan bezala, teknika nahasketetan gauza berriak probatzen nabil. Hurrengo astean, Miradas de Mujeres festibalaren barruan, Zarauzko Ispilu galerian inauguratuko den erakusketa kolektiboan parte hartuko dut. Noizean behin, gustuko dut erakusketa bat edo beste egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide