IRENE ELORZA: TXANBOLINK-37

Irene Elortza 2014ko ots. 27a, 06:48

Delbrazita jun. Besotik helduta. "Kalin ola jute zin parejak, delbrazita, entraban en capilla". (Delbrazita jun eta delbraizta jun, biak erabiltzen dira).

Fikzioa eta errealitatea

 

Politika fikzioa da 30 urte atzera ez egitea eta abortuaren lege atzerakoirik indarrean ez jartzea.

Politika fikzioa da ETAren su-etena egiaztatzen lanean ari den Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeari lana erraztea, beraiekin elkarlanean aritzea eta helburuetan ados jartzea.

Politika fikzioa da preso guztien eskubide guztiak betetzea, salbuespenik gabe.

Politika fikzioa da herritarren aldeko politikak lehenestea eta kapitalaren interesak bazter uztea.

Politika fikzioa da emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako politika serioak eta integralak egitea.

Politika fikzioa da langileen eskubideak defendatzea eta kapitalismoaren diru-gose infinituari mugak jartzea.

Politika fikzioa da etorkizun hobe baten bila etsi-etsian euren bizitza jokoan jartzen duten etorkinei baldintzarik gabeko laguntza ematea, eta inoiz ez gaizkiletzat hartu eta erasotzea.

Politika fikzioa da herritarrentzako osasun arreta egokia, unibertsala eta doakoa bermatzea.

Politika fikzioa da seguru aski Jordi Evolek 23-F inguruan egin duen dokumentala (mockumentala, hobe esanda), baina ez dit bat ere graziarik egin, ezta hausnartzeko motiborik eman. Aurretik ere banekielako gezurrak egunero irensten ditugula, telebistak manipulatu egiten gaituela, eta Evolek prestigio handia duela. Politikaren eta kazetaritzaren (Garci aparte utziko dut, gehiegi luzatzeko arriskua dut eta) lehen lerroko gizonezkoek (emakumerik ageri al zen saioan?) parte hartzea lortu du ospe horri esker. Besotik helduta egin dute ikus-entzunezkoa osatzeko bide sekretua, eta niri burura etortzen zaidan hausnarketa bakarra honakoa da: nolako dokumentala egin ahalko zen handiki horiek guztiek egiak, eta egiak bakarrik, kontatuz gero? 23-F delakoaz, euren enpresa komunikatiboak zuzentzen dituzten handi-mandietaz, politikaren estoldetaz, iraganean zein gaur egun gertatutako hainbat kontu zikinetaz…

Politika fikzioa baino fikzio politikoa nahiago dut nik, ‘House of cards’ telebistako serie zoragarria, esaterako.

 http://www.canalplus.es/house-of-cards

Irene Elorza

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide