AITOR ARRUTI: DUBLINGO FOKAK ETA GU

Aitor Arruti Rezabal 2014ko ots. 24a, 16:04

Howth-eko itsasargia

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-19

Dublin, 2007ko otsailaren 24a

Howth-eko portuan pasieran gabiltzala, hiruzpalau foka ikusi ditugu igerian, moilatik hurbil. Andreas lagunak esan digunez, bi motatako fokak dabiltza Dublin inguruko uretan: kirol portutik iparraldera ibiltzen direnak eta handik hegoaldera dabiltzanak. Nonbait, ez dira elkarrekin nahasten, ez dute elkarren arteko harremanik lotzen. Itxura denez, iparraldekoak Belfasteraino igotzen dira, eta hegoaldekoak, berriz, beste aldera jotzen dute; Galeseko kostetan ere agertu izan dira. Bestalde, dublindarrak hain musikazaleak izanik, iparraldeko biztanleek arima beltza dutela adierazi digu Andreasek, eta soula, bluesa eta beltzen doinuak dituztela gogoko. Hegoaldeko hiritarrek, ostera, rocka eta musika zelta nahiago dituzte aukeran.

Trena hartu aurretik, azkeneko zerbeza hartzera joan gara jendez lepo zegoen pubera. Barra estua du hain taberna zabalerako, eta lan zail samarra da hemen edatekoa eskatzea. Barmanaren arreta neureganatu nahian nabil keinuka, baina alferrik. Tabernaria bestaldeko barra puntara begira dago, eta gizon bati zer behar duen galdetu dio.  Gizonak orduan ni seinalatu nau, eta bera baino lehenago nagoela adierazi dio tabernariari.

Une honetan, bost axola zait gizona iparraldekoa edo hegoaldekoa den, ezberdintasunaren harresia berez erori da, eta eskua jasota eskertu diot keinu dotorea.

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide