PARTAIDETZAZKO AURREKONTUAK: ESKUALDE BATZARRERAKO DEIALDIA

Maxixatzen.eus 2014ko ots. 21a, 21:28

Partaidetzazko aurrekontuak

Datorren asteartean, Azkoitiko Elkarguneko Aita Medinabeitia plazan Partaidetzazko aurrekontuen eskualdeko batzarra egingo dute 19:00etatik 20:00etara. 

Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Urola Erdiko udaletako ordezkariak izango dira bertan, partaidetza prozesuari amaiera emateko, eta aurtengo prozesuari buruzko xehetasunak ere azalduko dituzte. 

Iaz, lehenengo aldiz Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Erdian jarri zuen martxan ‘Partaidetzazko aurrekontuak’ ekimena. 2014ko aurrekontuen 500.000 euro jarri zituen herritarrek erabaki zezaten non inbertitu. 2013an, eskualde horretako bost udalerrietan egindako parte-hartze prozesuaren ondorioz, herritarrek zazpi proiektu lehenetsi zituzten milioi erdi euro horiek inbertitzeko. Hauexek dira aukeratutako proiektuak:

1. Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro

2. Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro

3. Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro

4. Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro

5. Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro

6. Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro

7. Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritzaren buruan Martin Garitano diputatu nagusia eta Helena Franco Ogasun diputatua izango dira.

Aurten ere ekimen horrekin jarraitzeko asmoa du Foru Aldundiak; Urola Erdian eta beste hiru eskualdeetan. Egitasmo horren berri emango dute Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusiak eta Maider Otamendi Ogasun eta Finantzako zuzendariak.

Urola Erdiko herritar guztiak gonbidatuta daude batzar horretan parte hartzera. Aurkezpenaren amaieran, bertan dauden ordezkariei galderak egin ahalko dizkiete.

Amaitzeko, mokadua eskainiko zaie bertaratutakoei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide