AITOR ARRUTI: ZER GARA GU, NOR GARA GU

Aitor Arruti Rezabal 2014ko ots. 16a, 12:52

Beach smile, Richard Marris

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-18

     Urrestilla, 2014ko otsailaren 15a

            Joan den hilean, Lizzie Velasquez ezagutu genuen sareko hitzaldi bikain batean, eta galdera hau egin zigun pantailaren beste aldetik: "Zerk definitzen zaitu zu?"

Zaila zait galdera horri erantzutea, eta gaur gogora etorri zait, Mari Jose lehengusuaren hiletako egunean.

Txikitan, Urrestillako eskolaurreko ikastolan, andereño Karmelerengana joaten zen Mari Jose, eta, eskutik heltzen zion bitartean, galdera egiten zion: “Karmele! Zuk asko maitte al nazu ni?” Eta andereñoak goxo estutuz erantzuten zion: “Bai hoixe! Maitteko ez zaitut ba!”. Orduan, irria ernetzen zen neskatoaren ezpainetan.

Gerora, lagunartean irribarrea erraz sortzen zitzaion neska izan zen niretzat Marijo lehengusua. Gorabeherak gorabehera, barrea, eta are algara jostaria ere sarri jaiotzen zitzaion.

Ondoren, lanean hasi gineneko garaian, gure arreba Idoiarekin joaten zen goizero Azpeitira, haren auto koxkor urdinean. Kotxea arrankatu ezinik ibiltzen zen askotan Idoia, eta eskoletan aparkatzen zuen sarri, handik beherako aldapa arrankatzeko baliatuz. Marijok barre-algara ederrak egiten zituen Idoiaren ateraldiekin, ibilera xelebre haietan.

Harrez gero, kalean topo egin izan dugunean, beti irribarrea, barrea ere bai askotan, eskaini izan dit Marijok. Horregatik, beilatokian, hiletako jiran eta kalean hari buruz entzundakoen artean, bizitza honetan sufritu besterik ez duela egin esan duten hitzak ezin ditut neure egin.

Nik ez dut lehengusuaren bizitza sufrimenduaren bitartez definitu nahi. Orduan, zerk definitzen du, ba, Marijo niretzat? Agertu izan didan bizipozak, bi pertsona elkarrengana hurbiltzen dituen bien arteko irribarreak.

Bejondeinala, Marijo, eskerrik asko, eta iraun dezala gugan hire irribarreak, iraun dezatela luzaz hire barre-algarek.

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide